es | eu

Zangozako San Sebastian ardo kooperatiba

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/228

IZENA

Zangozako San Sebastian Ardo Kooperatiba

MUTURRETAKO DATAK

1940 - 2015

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

286 kaxa

61 liburu

Fitxategi bat

EKOIZLEA

Zangozako San Sebastian Ardo Kooperatiba

ERAKUNDEAREN HISTORIA

Zangozako Ardo Kooperatiba 1940ko urtarrilaren 7an eratu zen, bertako mahastizainen batzar batean, Evaristo del Castillo Sola buru zela.  Batzar hartan Zuzendaritza Batzordea izendatu zen, eta ardandegiaren eraikuntza proiektua aurkeztu zen, hala nola estatutuak, bazkide kopurua, Rocaforte eta Peñakoak barne 1.700 inguru zirenak, eta ahal osoak eman zitzaizkion Zuzendaritza Batzordeari kooperatiba abian jartzeko beharrezkoak ziren izapide guztiak egin zitzan. Elkarte haren izena Cooperativa Vinícola de Sangüesa izan zen, San Sebastian zen patroia, eta egoitza Foruen Plazako 7.a, beheko solairuan izan zuen, estatutuetan egoitza Aragoiko Etorbidean zela jartzen badu ere.

Ardo Kooperatibaren helburu nagusiak ziren mahatsaren laborea eta ekoizpena hobetzea, ardoa egiteko metodo modernoagoak eta ekonomikoagoak erabiltzea, zuzeneko nahiz zeharkako salmenta egitea, eraikin, biltegi eta upak alokatzea edo eraikitzea, lanerako tresna eta makineria erostea, hala nola ongarriak, sulfatoak eta mahastiak lantzeko tresnak, eta orobat, “ardo eta mahats ekoizleen interesak defendatzea, eta elkarteko kideen hobekuntza morala eta ekonomikoa, idatzizko eta ahozko propaganda bizkortuz, eta ikastaroak eta hitzaldiak antolatuz”. Onartutako estatutuetan kapital soziala arautu zen, era honetan osatzen zena: funts kooperatiboa, salmentan lortutako etekinaren % 10eko kreditu bat sinatuta eratu zena; erreserba-funtsa, eratuz joan zena urteko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko etekinaren % 10 kenduta; eta amortizazio-funtsa, kalteordainak, deskontuak eta ezarritako isunen zenbatekoaren erdia bilduta osatu zena. Bazkideei dagokienez, haien eskubideak eta betebeharrak ezarri ziren, eta aipagarria da 16 urtetik gorako pertsona guztiak izaten ahal zirela bazkide, gurasoen edo, emakumezkoen kasuan, senarraren baimenaren beharrik gabe. Argitzen ziren, halaber, uztak likidatzeko prozesua eta kooperatibaren administrazio organoak eta haien eskumenak, Batzorde Nagusia, Kooperatibako Burua, Zuzendaritza Batzordea eta Administratzaile Kudeatzailea. Beste hainbat figura ere nabarmenak ziren: idazkaria, kontsiliarioa, alegia, herriko apaiza, kontsulta funtzioarekin (botorik gabe) eta elkartearen espiritu erlijiosoa eta morala zaintzeko ardura zuena; agente komertziala eta upeltegiko maisu enologoa.

1940ko martxoaren 3ko batzarrean eraikina egiteko proposamena onartu zen, guztira 9.000 pezeta ordainduta erositako lur eremu batean (6 erregu-lur). Hurrengo hilabeteetan formalizatu zen makineriaz hornitzeko kontratua, Alcoyko Casa Rodes Hermanos enpresarekin; mailegu bat Banco de Bilbaorekin, sortutako gastuei aurre egiteko; hainbat kargu izendatu ziren, mahatsaren eta ardo-salmenten prezioak ezarri ziren, bazkideen arteko banaketak, taberna bat ezartzea ardoa saltzeko, eta hura abian jartzeko administrazio-izapideak egin ziren, beste akordio askoren artean. 1942ko maiatzaren 10ean upategiaren inaugurazio ofiziala izan zen, Zuzendaritza Batzordeko kideentzako eta gonbidatuentzako bazkari batekin, eta bazkideentzako herri-askari batekin, upategian bertan.

Bazkide berrien sarrerak lehenengo zabaltze-lan bat eskatu zuen 1947an, 1952-53 bitartean ardoa biltzeko upak eraiki ziren, upa horien nabearen terraza estali zen, baskula instalatu zen, eta beste hainbat lan txiki egin zituzten eraikina egin zuen Zangozako Huesa Hermanos enpresak berak, eta arkitekto berak, hau da, Manuel Ruiz de la Torrek. Hobekuntza lanek aurrera jarraitu zuten aurreko XX. mendeko 70ko hamarkadan.

Kooperatibak arautzen zituen legeak, Kooperazioari buruzko 1942ko urtarrilaren 2ko Legeak, eta aplikatu beharreko Erregelamenduak, 1943ko azaroaren 11koak, estatutuak aldatzera behartu zuten. Lege hark “kooperatibaren kontzeptua zentratzen du, merkataritza espiritua bertatik kenduz, irabazi asmoa ezabatuz, eta leialtasunik gabeko lehia guztiak baztertzen saiatuz, ahaztu gabe ekimen pribatua dela Estatu Berriaren ekonomiaren funtsa”. Une hartatik aurrera, elkarte kooperatiboak Kooperazioko Obra Sindikalera atxiki ziren, eta bazkideak automatikoki sartu ziren tokiko sindikatuetan edo ermandadeetan.

Lege hura indargabetu zuen Kooperatibei buruzko abenduaren 19ko 52/1974 Lege Orokorrak, azalpenaren arabera, “espainiar lege-tradizioa errespetatzen du, baina asmo handiagoko lorpenetara proiektatzen du; atzerriko esperientziak aintzat hartzen ditu, batik bat Europako mendebaldekoa, ...herrialdearen errealitate sozioekonomikoari tinko eusten dio; behar diren Zuzenbideko arauak jasotzen ditu, baina modu kategorikoan aitortzen du kooperatibaren autonomia. Oinarri horiekin saiatu da eraikitzen erakunde bat, zorrotza  bere planteamendu sozialetan, eta aldi berean, teknifikatua, espezializazioaren aurrean iragazkorra, eta merkatuaren aurrean sentibera. Une hartatik aurrera, “kooperatiba elkarte bat da, ... komuneko enpresaren araubidean egiten duena kideen bidezko elkar laguntzarako zilegi den edozein jarduera ekonomiko-soziala, haien eta komunitatearen zerbitzura”. 1980ko urtarrilaren 3an, 1978ko azaroaren 16ko Kooperatiben Erregelamenduko Bigarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoa betez, bere estatutuak egokitu zituen, Kooperatiben Lege Orokorrean eta aplikatu beharreko aipatutako Erregelamenduan ezarritakoa betetzeko, eta elkarteari izen berria eman zitzaion, Sociedad Cooperativa Limitada Vinícola San Sebastián de Sangüesa.

Franco hil ondoren, eta Espainiako sistema politikoan eta Estatuaren egituran izandako aldaketaren ondorioz, Nafarroara eskualdatu ziren kooperatiben arloan Estatuaren Administrazioak egikaritzen zituen funtzioak eta zerbitzuak. Egun hartatik aurrera, kooperatiben mugimendua sustatzen eta arautzen duten hainbat foru-lege onartu zituen Parlamentuak. Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legea, saiatu zen Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren bidez konpontzen arlo horretan izandako esperientzian sumatutako akatsak, ekonomiaren aldetik enpresa gero eta lehiakorragoak sustatuz, baina, hala ere, elkarte kooperatiboen berezko balioak ahaztu gabe. Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeak kooperatibismoaren sektore desberdinetatik egindako eskaerei erantzuten die, batez ere nekazaritzaren sektoretik egindakoei, haien kooperatiben berregituraketarako planari erantzuna emateko, bazkideei eta finantzazioari buruzko gaiak arautuz, besteak beste.

2010ean, Zangozako Ardo Kooperatibak kooperatiba arteko hitzarmena sinatu zuen Ledeako Xabierreko San Frantzisko Ardo Upategi Kooperatibarekin, ahaleginak biltzeko “ardoa ekoitzi eta komertzializatzeko proiektu komun batean”.

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

2021eko ekainean, gaur egun likidazio bidean den Zangozako San Sebastian Ardo Kooperatibaren dokumentu-funtsa dohaintzan jaso zuen Nafarroako Artxibo Garaikideak.

EDUKIA

Funtsak biltzen ditu era honetako agiriak: administrazio-arlokoak (estatutuak, aktak, memoriak, bazkideen kudeaketa), giza baliabideen kudeaketa, kontabilitatea, ondarea, hala nola ardoa ekoitzi, prestatu eta saltzeko jarduerekin lotutakoak. Aipagarria da ardogintzan espezializatutako liburuen bilduma txiki bat.

ANTOLAKETA

228 ZANGOZAKO SAN SEBASTIAN ARDO UPATEGI KOOPERATIBAREN FUNTSA

  • 208.01 ADMINISTRAZIOA
    • 228.01.01 Sorrera eta estatutuak
    • 228.01.02 Batzorde Nagusiaren aktak
    • 228.01.03 Zuzendaritza Batzordearen aktak
    • 228.01.04 Bazkideen kudeaketa
    • 228.01.05 Memoriak
    • 228.01.06 Korrespondentzia
    • 228.01.07 Administrazio publikoekiko harremanak.
    • 228.01.08 Beste erakunde batzuetan izandako parte-hartzea
  • 208.02 GIZA BALIABIDEEN KUDEAKETA
    • 228.02.01 Kontratuak eta laneko parteak
    • 228.02.02 Ordainsariak
    • 228.02.03 Lan harremanak
    • 228.02.04 Prebentzioa eta Gizarte Segurantza
    • 228.02.05 Ikuskaritza
  • 228.03 KONTABILITATEA
    • 228.03.01 Diru-sarreren eta gastuen kontabilitate agiriak
    • 228.03.02 Kontuak eta balantzeak
    • 228.03.03 Kontabilitate liburuak
    • 228.03.04 Diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriak
    • 228.03.05 Ikuskaritza eta fiskalizazioa
  • 228.04 ONDAREA
    • 228.04.01 Ondasunen inbentarioa
    • 228.04.02 Baskula
    • 228.04.03 Taberna (Ardandegia)
    • 228.04.04 Biltegia
    • 228.04.05 Obrak eta ekipamendua
  • 228.05 ARDOAK EKOITZI ETA PRESTATZEA
    • 228.05.01 Ekoizpena eta Prestaketa
    • 228.05.02 Ardoaren salmentak eta irteerak
  • 228.06 ARGITALPENAK
    • 228.06.01 Monografiak eta aldizkako argitalpenak
    • 228.06.02 Publizitatea

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentario hori Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta areto barnean kontsulta daiteke.

Zangozako San Sebastian ardo kooperatiba