ERREFERENTZIA KODEA
ES/NA/AACF/6/200
IZENA
San Miguel Irin Errota / Harinera San Miguel (Etxarri Aranatz)
MUTURRETAKO DATAK
1886-1995
DESKRIBAPEN MAILA
Funtsa
BOLUMENA
EKOIZLEA
Jauregi familia
ERAKUNDEAREN HISTORIA
Jauregi familia, jatorriz Gipuzkoako Bidania herrikoa, gutxienez XVIII. mendetik aritu zen errotari lanbidean. Maizter gisa Urdiain, Bakaiku eta Arbizuko erroten arduradunak izan ziren eta, XX. mendearen hasieran, enpresa propioa sortu zuten, Nafarroako Etxarri Aranatz herrian.
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
Jauregi familiak 2018ko uztailaren 31n gordailutu zuen Etxarri Aranazko San Miguel Irin Errota zaharreko dokumentazioa Administrazioaren Artxiboan (gaur egun, Nafarroako Artxiboko Garaikidea). Gabriel Jauregi enpresariaren alaba Juana Mari Jauregik desagertutako fabrikako makineria –Arbizuko Udalean gordeta– eta Nafarroako Gobernuari dohaintzan emandako dokumentazioa kontserbatzea lortu du. Industria artxibo txiki baina baliotsu hori landa eremuko familia enpresa baten kudeaketaren adibide argia da. XX. mendearen bigarren erdian desagertu zen eta errotari leinu horretako ondorengoek emandakoa da enpresatik geratzen den lekukotasun bakarra.
EDUKIA
Jauregi familia gutxienez XVIII. mendetik aritu zen errotari lanbidean, baina kontserbatu den dokumentazioa XX. mendearen hasieratik aurrerakoa da (1867ko erosketa ordainagiri bat eta 1886ko katastro orri bat izan ezik) eta 1980ko hamarkadara arte iristen da.
Maizter gisa Urdiain, Bakaiku eta Arbizuko erroten arduradunak izan ziren eta, XX. mendearen hasieran, enpresa propioa sortu zuten, Nafarroako Etxarri Aranatz herrian.
Aniceto Jauregik teknika berriak eta makinak erabiltzea erabaki zuen, irinen ekoizpena hobetzeko. Hala, harlanduzko errotarrien ordez arrabol metalikoak erabiltzen hasi zen; motor elektrikoak jarri zituen; ehotzeko sistema aldatu zuen, eta hala, pasada bakarra eman beharrean, lehenengo, zahia semolatik bereizten hasi zen, irina zuriagoa eta finagoa lortzeko; eta irinaren baheketa eta purifikazioa makinaz egiten hasi zen, plansichter eta sasor izeneko bi asmakizun iraultzaile berrirekin. Horiek dira ekoizpena argi eta garbi hobetu zuten berritasun tekniko azpimarragarrietako batzuk, baina enpresa aldaketa interesgarri bat ere sumatzen da. Alea eta irinak biltzeko sistema ezartzeari esker, gertuko hirietan salduko zen produktuaren merkaturatzea kudeatu ahal izan zen, ekoizle bakoitzak entregatutakoa eho gabe –ordura arte hala egiten zen–. Negozio ikuspegi modernoa zen eta antzinako erroten oso bestelakoak eraikinak egitea ere eragin zuen. Eraikin nagusiek, oro har, hainbat solairu zituzten, leihate zabal ugariz hornituak, putzupaden goragailuetarako dorre bat, eta behealdeetan biltegi handiak, zakuetarako eta ibilgailuen zama lanetarako. Zoritxarrez, Etxarri Aranazko lantegiko eraikina desagertu egin da, baina industria eraikin horren eskema berregiten duen argazki bat badago.
Aniceto Jauregik irin lantegiak ezartzen espezializatuta zegoen Kataluniako Establecimientos Morros SAren eskuetan utzi zuen berritze teknologiko hori. 1934an, 24 orduko lanean automatikoki 6.000 kg gari egiteko ahalmena zuen instalazio bat diseinatu zuten. Garbitzeko instalazio oso bat, satinagailuak, errotak, plansichterra, arrobotatzeko makinak, xurgagailu bat eta irin lantegi moderno bat martxan jartzeko behar ziren osagarri guztiak erosi zituen.
Bere semeetako batek, Gabrielek, Errotaritzako Eskola Nazionalaren errotako buruzagi teknikoaren diploma lortu zuen 1921ean. Titulu horrekin batera, errotaritzari buruzko ikastaroko 18 liburuko bilduma bat kontserbatu da. Jarduera hori garatzeko beharrezko ezagutzak eta teknikak biltzen dituzten eskuliburuak eta koadernoak, agian titulu hori lortzeko erabiliak. Gabriel Jauregik Sevillako Herri Institutu Politeknikoan 1934an egindako urrutiko ikastaroko azterketetarako ariketak ere nabarmentzekoak dira.
Dokumentazio akademikoarekin batera, testamentu, ermandadeko testamentu, ahalorde, herentzia banatzeko kontratu edo familia ondasunen salerosketa batzuen notario eskriturak kontserbatu dira.
Lantegiaren kudeaketak berak sortutako dokumentazioa ugariagoa da, Estatuak jardueran esku hartu eta kontrolatzearen ondorioz.
1937an, Gariaren Zerbitzu Nazionala sortuta zegoen, gariaren eta haren eratorri nagusien ekoizpena eta banaketa antolatzen hasi eta aurrera eramateko, baita eskuratzea, mobilizazioa eta prezioak arautzeko ere. Garia Antolatzeko 1937ko Errege Dekretuan adierazten denez, legez ekoitzi eta edukitzaileek eskuragaitzat hartutako gari izakin guztiak tasazio prezio ofizialean eskuratzeaz
arduratuko zen erakunde hori. Erosketa horiek egiteko, Gariaren Zerbitzu Nazionalak behar ziren kreditu eragiketak hitzartu zitzakeen. Horretarako, lehenik, honako funts hau zuen: “Nekazariei egindako erosketen zenbatekoaren eta fabrikatzaileei egindako salmenten arteko aldea, baita inportazioetatik zetozen etekinak ere, garia kontserbatzeko gastuak eta orokorrak deskontatuta…”.
Nafarroan, gainerako probintzietan bezala, erakunde hori ordezkatzeko buruzagi bat izendatu zuten eta lurralde horretan zuzendari funtzioak betetzen zituen.
Gariaren Zerbitzu Nazionalak zerealen eta elikadurarako oinarrizko beste produktu batzuen merkaturatzean eta banaketan zuen esku hartzearen ondorioz, nekazariek landutako gari azaleren eta urteko ekoizpenaren deklarazioak egin behar zituzten. Era berean, gari edukitzaileek, tasazio prezio ofizialean libreki salerosteko eskubidea zuten arren, irin ekoizleei garia saltzea debekatuta zuten; izakinak deklaratu behar zituzten eta kopuru zehatz bat nahitaez Zerbitzu Nazionalari saldu behar zioten, kontsumo beharrei erantzuteko edo merkatu nazionala arautzeko. Halaber, irin eta ogi ekoizleek finkatutako prezioan egin behar zituzten beren salmentak. Errotaritzako azpiproduktuak eta lekadunak ere kontrolatuta zeuden.
Testuinguru horretan gauzatu zuen bere jarduera Etxarri Aranazko San Miguel Irin Errotak. Gariaren Zerbitzu Nazionalak edo Horniduren eta Garraioen Komisariotza Orokorrak ezarritako arau orokorren bitartez, administrazio izapideak betetzeko jarraibideak ematen ziren; erakunde ofizial horiek zereal kanpainak arautzeko exijitutako eredu eta formularioak betetzekoak, alegia.
Adierazi bezala, nekazariak gari ekoizpen osoa, erreserbak kenduta, Gariaren Zerbitzu Nazionalari saltzera behartuta zeuden. Produktuen erreserbak ereitera eta kontsumitzera zuzenduta zeuden; kasu horretan, gehienez 250 kilo guztira, pertsonako eta urteko, familiaren osaketaren eta ustiategiko langile kopuruaren arabera. Kontsumoko erreserbak formalizatzea biltegizainari zegokion.
C-1 deklarazioak, ekoizpenari, erreserbei eta aldeei buruzko datuak barne, gariarekin batera entregatzen ziren biltegian bertan. Ez gariak ez irinak ezin zuten biltegiaren, lantegiaren eta kontsumo lekuaren artean zirkulatu Probintzia Buruzagitzak emandako gidak eta “eramateko baimenak” gabe. Gariaren eta irinaren salmenta prezioak kanpaina bakoitzean zehazten ziren. Garraiorako kanon bat eta ehotzearen kostua kontuan hartzen ziren. Irin ekoizleek ogia egiteko balio zuten irinen prezio errealaren likidazioa aurkezten zuten hilabete bakoitzaren hasieran, edo, Garraioen Konpentsazio Kutxaren likidazioak 1952ra arte, edo, zereal eta irinen mugimenduen zinpeko adierazpenak (5B eredua). Azken horietan, honako informazio hau jasotzen zen: ogia egiteko balio zuten zerealen sarrera kopuru osoa, trukekoak alde batera utzita, eta ekoitzi edo jasotako irinak eta irteerakoak, erosleak eta haien helbideak, GZNk emandako hornidura agindu zenbakia eta erretiratutako irin kopuruak. Gariaren ordez irina eskuratzeko truke bale asko daude, baita garia, irina eta zahiaren sarrera-irteerak jasotzeko koaderno asko ere. GZNaren, Hornidura eta Garraioen Komisariotza Orokorraren, Nafarroako Irin Taldearen eta Irin Talde Nazionalaren zirkularrak ere kontserbatu dira, 1944tik 1973ra bitartekoak.
Iringintza lantegiarekin lotutako dokumentazio hori da ugariena; funts honetako 20 instalazio unitateetatik 19 betetzen ditu.
ANTOLAKETA
200. SAN MIGUEL IRIN ERROTA/HARINERA SAN MIGUEL (ETXARRI ARANATZ)
ESKURATZEKO ETA BERREGITEKO BALDINTZAK
Dokumentazioa eskuratzeko eta berregiteko Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK
Nafarroako Artxibo Garaikidean inbentarioaren gela barneko kontsultak egiten ahalko dira.