es | eu

Pedro Salaberri Zunzarren

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/226

IZENBURUA

Pedro Salaberri Zunzarren

MUTURRETAKO DATAK

1971-2019

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

94 eskuorri eta katalogo

29 kartel

EKOIZLEA

Pedro Salaberri Zunzarren

ERAKUNDEAREN HISTORIA

Pedro Salaberri Iruñean jaio zen 1947ko maiatzaren 1ean. Bere ibilbide profesionala 14 urte zituela hasi zuen, delineatzaile lanetan arituz arkitektura-estudio batean. Hurrengo urtean Arte eta Lanbide Eskolan ikasten hasi zen, eta han, 60ko hamarkadako garapen artistikoaren erdigunean, marrazketa ikasi zuen irakasle hauekin: Salvador Beunza, José María Ascunce, Isabel Baquedano eta Pedro Osés. Testuinguru hartan artista ugari ezagutu zituen, Mariano Royo, Juan José Aquerreta, Pello Azketa, Joaquín Resano eta Luis Garrido, besteak beste. Harreman haiek erabakigarriak izan ziren haren sormen-lanean, eta harrezkero pintura landu zuen batik bat.

1968an, Pedro Salaberri “Iruñeko Eskola” izeneko artista-taldeko kidetzat hartzen da; izen hori José María Moreno Galván arte-kritikariak erabili zuen aurrenekoz, taldea hala izendatu zuelarik Triunfo aldizkarian 1970ean idatziriko artikulu batean.

Haren sormen-mundua pintura-esparrutik haratago doa, hainbat arte-diziplinarekin loturiko lanak egiten baititu, hala nola erakusketen komisario-lanak, kartelen eta liburuen diseinua, antzezlanetarako eta operetarako eszenografiak. Antzerkirako hainbeste lan egin eta gero, mundu haren omenezko katalogo bat ere apailatu zuen: “Gente del Teatro. Retratos en el año 2005”. Katalogoan, lehenik, Iruñeko Gayarre antzokiaren ikuspegi orokor bat ageri da, eta, ondotik, antzerkiari loturiko zenbait profesional nafarren erretratuak.

Salaberriren obrak oinarritzat hartu ditu Nafarroako benetako paisaiak eta txokoak. Haren lanetan konposizio geometrikoak eta kolore lau eta bizi-biziak konbinatzen dira, kontrastearekin eta sorturiko efektu bisualekin jolasten duelarik. Bestetik, hiri-paisaien margolanetan, arkitekturak berarengan duen garrantzia nabari zaio, eta argi antzematen, orobat, arkitekto aritu zenean egin zituen lanen eragina.

Artistak bakarkako erakusketak egin ditu penintsula osoan, eta talde-erakusketa anitzetan ere parte hartu du. Gaur egun, hainbat erakunde publiko eta pribatutan aurki daitezke haren lanak. Hona hemen erakusketen eta sarien zerrenda:

 

Bakarkako erakusketak:

- 2019. Marzana espazioa. Bilbo.

- 2018. Kondestablearen jauregia. Iruña.

- 2016. Kultur Etxea. Zizur.

- 2014. Mistoen pabiloia. Ziudadela, Iruña.

- 2012. Ongai-Vallesantoro jauregia. Zangoza.

- 2011. Gustavo de Maeztu Museoa. Lizarra. Marzana espazioa. Bilbo.

- 2010. Mistoen pabiloia. Ziudadela, Iruña. Kalon galeria. Tutera.

- 2009. Gustavo de Maeztu Museoa. Lizarra.

- 2006. Mistoen pabiloia, Ziudadela, Iruñeko Udala. Marzana espazioa, Bilbo. Gentes del Teatro, Gayarre Antzokia. Iruña

- 2004. Iruñeko Planetarioa.

- 2003. Muelle 27 galeria, Madril. Marzana espazioa, Bilbo.

- 2002. Kultur etxea, Zizur Nagusia.

- 2001. Moisés Pérez de Albéniz galeria, Iruña.

- 2000. Mistoen pabiloia, Ziudadela, Iruñeko Udala. Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra. Le Carré aretoa, Bonnat Museoa, Baiona, Frantzia.

- 1999. Arangurengo kultur etxea, Mutiloagoiti, Nafarroa.

- 1997. Juan Bravo kultur aretoa, Nafarroako Aurrezki Kutxa, Madril.

- 1996. Mistoen pabiloia, Ziudadela, Iruñeko Udala. Lourdes Ugarabe, arte galeria, Gasteiz.

- 1995. Seiquer galeria, Madril. Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra.

- 1994. Ederti galeria, Bilbo.

- 1993. Castel Ruiz aretoa, Tutera. Kultur etxea, Tafalla. García Castañón aretoa, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña. Seiquer galeria, Madril. Kultur etxea, Zizur Nagusia.

- 1992. Independencia aretoa, Gasteiz. Ederti galeria, Bilbo.

- 1990. Seiquer galeria, Madril.

- 1989. García Castañón aretoa, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña.

- 1988. María Forcada galeria, Tutera.

- 1987. Altxerri galeria, Donostia.

- 1986. García Castañón aretoa, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña. San Prudencia aretoa, Gasteiz.

- 1985. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren aretoa, Donostia.

- 1984. Arte pabilioiak, Ziudadela, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña.

- 1983. Seiquer galeria, Madril. ARTEDER, Bilbo.

- 1982. Lankide Aurrezki Kutxaren kultur aretoa, Altsasu, Nafarroa. “Marrazkiak”, Rodezno Kondea aretoa, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña. Windsor galeria, Bilbo.

- 1980. García Castañón aretoa, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña.

- 1979. Bizkaiko Aurrezki Kutxako arte aretoa, Bilbo. Arte pabilioiak, Ziudadela, Udal Aurrezki Kutxa, Iruña.

- 1978. Gaztelu galeria, Zarautz.

- 1977. Aritza galeria, Bilbo. Seiquer galeria, Madril.

- 1976. Eder Arte galeria, Gasteiz. Castel Ruiz aretoa, Tutera. Seiquer galeria, Madril. Nafarroako Aurrezki Kutxako kultur aretoa, Iruña.

- 1975. Atenas galeria, Zaragoza.

- 1974. Arte5´ galeria, Iruña. Amadís galeria, Madril.

- 1973. Besaya aretoa, Santander. Fray Diego etxea, Lizarra. Nafarroako Aurrezki Kutxaren kultur aretoa, Iruña.

 

Talde-erakusketak (sorta hautatu bat):

- 2007. Isiltasunak. Nafarroako 22 pintore. Baluarte. Iruña.

- 2006. Ataria. Nafarroako Parlamentua. Iruña.

- 2004. Desde un lugar. Moisés Pérez de Albéniz galeria. Iruña.

- 2003. Bosteko. Amorebieta, Mungia, Getxo, Basauri, Arrigorriaga. Hiri birsortua. Iruña.

- 2000. ARCO. Madril.

- 1997. Paisajes de un siglo. Iruña, Burgos, Murtzia eta Gasteiz.

- 1996. Colección Juan Antonio Aguirre. IVAM. Valentzia. Aquellos 80. Ziudadela. Iruña. ARCO. Madril. Iruñeko Eskola. Gustavo de Maeztu Museoa. Lizarra.

- 1995. Iruñeko Eskola. Planetarioa. Iruña.

- 1980. La trama del arte vasco (Euskal artearen bilbea). Arte Ederren Museoa. Bilbo. 7 pintore espainiar. B. Walter Gallery Inc. New York.

- 1978. Panorama. Arte Garaikidearen Museoa. Madril.

- 1976. Artexpo. Bartzelona.

- 1972. Topaketak. Iruña.

Museoak eta bildumak:

- Iruñeko Udala.

- Gasteizko Udala.

- Nafarroako Aurrezki Kutxa.

- Caja Vital Kutxa.

- Nafarroako Museoa.

- Nafarroako Gobernua.

- Eusko Jaurlaritza.

- IVAM.

- Artium, Gasteiz.

- Nafarroako Parlamentua.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

- Coca-Cola fundazioa.

Sariak:

- 1973. Iruña Hiria: lehen saria.

- 1984. Gure Artea: hirugarren saria. Eusko Jaurlaritza.

- 1984. Gasteizko Biurtekoa: lehen saria.

- 2006. 4D saria,  Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak ematen duena pertsonek eta erakundeek kalitatezko arkitekturaren alde eginiko lana aitortzeko.

- 2008. Napardi elkartea: ‘Gallico de Oro’ saria.

 

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

2021eko irailaren 20an, Pedro Salaberri Zunzarrenek bere ekoizpen artistikoari loturiko 120 dokumentu eman zizkion Nafarroako Artxibo Garaikideari. Sortan, besteak beste erakusketen katalogoak eta eskuliburuak daude, baita artistak berak eginiko publizitate-kartelak, haren erakusketen kartelak eta haren pintura-lanen bat dakarten argitalpenak ere.

Funts hori Nafarroako Artxibo Garaikidean gordeta dago, eta zerikusia du "El Lebrel Blanco" antzerki-taldeari loturiko jende baten dokumentu-funtsen multzoarekin, zeina gordeta baitago Nafarroako Artxibo Nagusian (erreferentzia: ES/NA/AGN/F541). Taldea Valentín Redínek sortu zuen 1971n, eta Nafarroako antzerkiaren historiako konpainiarik garrantzitsuena da.

Antzerki-talde horren jardunean nabarmen lagundu zuten zazpi lagunen dohaintza partikularrek osatzen dute funts-multzo hori. Ekarpen horietako bakoitza funts bakar bat bezala identifikatu da, dohaintza bere osotasunean kontuan harturik. Dohaintza hori honako hauek egina da: Jesús Elso, Manolo Almagro, Pedro Salaberri, Sagrario Sáiz, Camino Sáiz, Ignacio Aranguren eta José María Asín. Pedro Salaberri pintoreak, zehazki, hamaika zirriborro original entregatu zituen, antzezlan baterako egin zuen esku-programa batekin batera.

EDUKIA

Eskuorriak, postalak, katalogoak eta kartelak artistaren beraren ibilbide artistikoaren erakusgarri dira; ibilbide horretan, artistaren bilakaera profesionala eta artistikoa ikus daiteke. Honako hauek daude: eskuorriak, 1971etik 2019ra bitarte eginiko lanaren berri ematen dutenak; 1979tik 2018ra bitarteko postalak; 1975etik 2019ra bitarteko katalogoak, eta 1972tik 2011ra bitarteko kartelak. Pedro Salaberri artistaren lana aztertzeak aukera ematen du Iruñeko arte modernoak 1960ko hamarkadan izan zuen bilakaera ezagutzeko, baita pintoreak bere estilo berezia sortu arte jaso  dituen eraginei antzemateko ere. Haren lana unean uneko joera artistikoen laburbilduma ere bada.

 

ANTOLAKETA

226 PEDRO SALABERRI ZUNZARREN

226.01 Erakusketen katalogoak eta eskuorriak

226.02 Kartelak

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentarioa Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta hango aretoan kontsulta daiteke.

Pedro Salaberri Zunzarren