es | eu

Nafarroako Langile Komisioak (CCOO)

Nafarroako Langile Komisioak (CCOO)

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/229

IZENA

Nafarroako Langile Komisioak (CCOO)

MUTURRETAKO DATAK

1976 - 2017

1947-2005 (Bilduma)

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

24 kaxa

31 liburu (5, euskarri digitalean)

EKOIZLEA

Nafarroako Langile Komisioak (CCOO)

ERAKUNDEAREN HISTORIA

CCOO sindikatuari buruzko ikerketan, Carmen Bravok honako hau adierazi du: "konpromiso beraren inguruan bat egin zuten milaka emakume eta gizonen historia kolektiboa da: dituzten interesak –klase interesak, langile interesak– defendatzeko antolatzea. Eta hori zuzenbideko subjektu izateko konbentzimenduz egin zuten, eta, horregatik, bizitza duinerako, hezkuntzarako, osasunerako, gizarte segurantzarako, pentsioetarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta diskriminaziorik ez pairatzeko eskubidea aldarrikatu zuten, baita herritar askez osatutako gizarte baten parte izateko eskubidea ere. Pertsona horiek bazekiten eskubide laboral, sozial eta politiko horiek gizarte demokratiko batean baino ez zirela lortuko, askatasunak bizikidetza kolektiboa hobetzeko erabiltzen ziren gizarte batean, alegia. Horregatik, Estatu demokratiko baten konkista ere sartu zuten sindikatuaren borrokaren parte gisa". Nafarroan lan hobekuntzak eta hitzarmen kolektiboak eskatzeko langile mugimendua antolatzea eragin zuten grebak eta protestak Estatuko gainerako herrialdeen aldi berean hasi ziren. 60ko hamarkadatik aurrera, langile mugimendua izaera demokratikoko mugimendu sindikalaren egitura sortzen hasi zen, lehenengo Langile Komisioak –izaera unitariokoak eta asanblada gisakoak– osatu zituzten industria eta zerbitzuetako emakume eta gizonek gidatuta. Sindikatua bi errebindikazioren inguruan sortu zen: batetik, negoziazio kolektiboaren bidez lan baldintzak hobetzea, eta bestetik, eskubide eta askatasun demokratikoak erdiestea. Faktore erabakigarria izan zen hori, eta beraz, hori gabe ez zen izanen hain garrantzitsua CCOO frankismoaren aurkako indar nagusi gisa, bai eta trantsizio demokratikoaren lehen urteetan ere, bere inguruan mobilizazio soziala eta politikoa biltzea lortu baitzuen.

CCOO sindikatuaren antolaketa arau frankistetatik at egituratu zen, legez kanpo eta klandestinitatean, ez baitzegoen informaziorako, bileretarako eta grebarako eskubiderik. Garai hartako lan gatazken ondorioak, gehienetan, kaleratze masiboak, buruzagien aurkako jazarpena, atxiloketak eta errepresioa izan ziren".

Gaur egun, Nafarroako Langile Komisioak aldarrikapeneko eta klaseko sindikatu demokratiko eta independente gisa definitzen da, lurralde federazio guztiez osatua, langileen eskubideak eta babes soziala aldarrikatzen dituena negoziazio kolektiboaren, itun sozialaren eta parte-hartze instituzional eta sozialaren bidez. Nafarroan lan egiten duten langileak onartzen ditu, uste pertsonal, politiko edo etikoak, erlijio sinesmenak, arraza, sexua edo adina aldera batera utzita, baldin eta sindikatuaren estatutuak eta garapen araudiak onartzen badituzte eta Nafarroako CCOO sindikatuaren politika sindikala praktikatzen badute.

Nafarroako CCOO Espainiako CCOO sindikatuaren Konfederazio Sindikalaren parte da, eta haren egitura organikoan parte hartzen du Nafarroako CCOO gisa, estatuko organoen zuzendaritza gaitasuna aitortuz eta organo horiek egiten duten politika sindikala onartuz; gainera, organo horien jardueretan parte hartu eta horien erabakiak izaera loteslearekin onartzen ditu.

"Nafarroako CCOO batasun sindikala" erakundearen organoak hauek dira:

a) Kongresua, Nafarroako CCOO sindikatuaren barnean deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko ardura duena eta idazkari nagusiak, zuzendaritza batzordeak eta lurralde federazioetako ordezkariek osatua. 4 urtean behin eginen da ohiko deialdia.

b) Batasun Sindikaleko Kontseilua kongresu baten eta hurrengoaren arteko zuzendaritza organo gorena da. Batzorde beterazleak osatzen du, idazkaritza nagusia eta ordezkariak barne (lurralde federazioak afiliazioaren garrantziaren araberako proportzioari jarraikiz hautatzen ditu ordezkariak).

c) Batzorde Beterazlea Nafarroako CCOO sindikatuaren Kongresuak, Batasun Sindikaleko Kontseiluak eta Komiteak hartutako erabakiak eta jarraibideak gauzatzen dituen zuzendaritza organoa da. Idazkari nagusia Batzorde Betearazleko funtsezko kidea da.

d) Nafarroako CCOO sindikatuko Komitea koordinazio organoa da, sindikatuko Idazkaritza Nagusiak, Batzorde Betearazleak eta Federazioetako Idazkaritza Nagusiek osatua, eta politika sindikal eta antolamenduzkoari buruzko proposamen estrategikoak egiteko ardura du.

e) Nafarroako CCOO sindikatuko Berme Batzordea barneko diziplina neurriak kontrolatzeko organo gorena da, neurri horiek indibidualak –afiliatuei dagozkienak– nahiz kolektiboak –erakundeei dagozkienak– izanik.

Nafarroako CCOO sindikatuaren ordezkaritza kargua idazkari nagusia da, zeinak zuzendaritza funtzioak eta eskumenak baititu eta Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen kide anitzeko akordioaren eraginpean baitihardu.

2021eko azaroan, Nafarroako Langile Komisioen Batasun Sindikalak Nafarroako Artxibo Garaikideari eman zion, dohaintzan, bere dokumentazioa.

EDUKIA

Jasotako dohaintzak sindikatuaren antolaketari eta barne funtzionamenduari buruzko dokumentuak, estatutuak, ebazpenen aktak eta abar biltzen ditu, bai eta Euskadiko Konfederazioarenak (izan ere, 2004ra arte, Euskadiko Konfederazioaren parte izan zen Nafarroa), eta, neurri txikiagoan, CCOO sindikatuaren Estatu Federazioarenak ere. Nabarmentzekoak dira, halaber, Nafarroan egin diren 10 Kongresuei buruzkoak (gogoan izatekoa da 1977an egin zela lehenengoa eta 2012an, berriz, X.a), bai eta Euskadiko Konfederazioaren lehen 8 kongresuei buruzkoak ere.

Erakundeak gauzaturiko ekintza sindikalari buruzko dokumentazioak sektore eta enpresa hitzarmenak, erakunde akordioak eta liburuxka eta panfleto ugari biltzen ditu, frankismoaren amaieratik eta trantsizioaren lehen urteetara bitartekoak. Material horiek agerian uzten dute Nafarroako langile mugimenduaren hastapenak; izan ere, fabriketako langile batzordeak izan ziren Nafarroako langile mugimenduaren buru, borroka antifrankista eta klandestinoaren aitzindari bihurtu baitziren fabrikak; gatazka garrantzitsuak gertatu ziren garai hartan, Nafarroan ez ezik (gogoratzekoa da 1973an Motor Ibérican gertaturikoa), Estatuan ere bai (1970eko udan Granadan egindako eraikuntza grebaren ondorioz 3 pertsona hil ziren), ahaztu gabe 1001 prozesuaren aurkako salaketaren ondorioz Marcelino Camacho espetxeratu egin zutela.

Aipagarriak dira, halaber, Moncloako Itunen inguruan sortutako dosierrak –langile mugimenduan eztabaida sakona eragin zutenak–, 1978ko Konstituzioa onartzearen alde sindikatuak egin zuen kanpaina, fabrika bakoitzean langile batzorde bat garai hartako klandestinitate testuinguruan eratzeko jarraibideak, eta sindikatuak Okzitaniako Tolosan argitaratutako Langile Militantearen Hiztegi goiztiarra (1970ean argitaratu zen).

Sindikatuaren egiturek buletin ugari argitaratu zituzten, eta nabarmentzekoak dira, horien artean, Nafarroako Biltzar aldizkaria eta Navarra-Obrera aldizkariaren lehen garaiko aleak (1973-1976), sindikatua oraindik legeztatu gabe zegoenekoak (saila ez dago osorik eta ale batzuk Fundación 1º de Mayo fundaziotik datozenen kopiak dira). Dohaintza sindikalismoari eta CCOO sindikatuari buruzko liburuen multzo batekin osatzen da.

Antonio Gutiérrez, Manolo Burguete, José María Molinero, Javier Zabaleta, Pilar Irazábal, Jesús Garatea, Santi Bengoa, Miguel Bueno eta Nafarroako sindikalismoaren beste izen adierazgarri batzuei egindako elkarrizketek osatzen dute dohaintza.

CCOOk beste erakunde batzuetako dokumentuak ere bildu zituen (hala nola hauenak: ORT, LKI, Sindikatu Unitarioa, CSUT eta USO), batez ere, Nafarroako PCE-EPK erakundearenak, baita Espainiako Erakunde Sindikalak 1950ean (gutxi gorabehera) argitaratutako koadernotxoak ere. Material horiek ere dohaintzan sartu ziren.

ANTOLAKETA

229 Nafarroako Langile Komisioak (CCOO) sindikatuaren funtsa

  • 229.01 Langile Komisioak sindikatuaren dokumentazioa:
    • 229.01.01 Erakundearen dokumentuak
    • 229.01.02 Ekintza sindikala
    • 229.01.03 Monografiak eta eztabaidarako dokumentuak
    • 229.01.04 Propaganda, komunikazioa eta prentsa
    • 229.01.05 Buletinak
    • 229.01.06 Liburutegia
    • 229.01.07 Ahozko lekukotasunak

 

  • 229.02 Beste erakunde batzuen dokumentazioa
    • 229.02.01 Propaganda eta jarduerak
    • 229.02.02 Monografiak eta eztabaidarako dokumentuak
    • 229.02.03 Buletinak

 

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentario hori Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta areto barnean kontsulta daiteke.