es | eu

LEDEAKO SAN FRANCISCO JAVIER UPELTEGI KOOPERATIBOA

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/230

IZENBURUA

Ledeako San Francisco Javier upeltegi kooperatiboa

MUTURRETAKO DATAK

1939 - 2019

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

416 dokumentu

76 liburu

20 aldizkako argitalpen

EKOIZLEA

Ledeako San Francisco Javier upeltegi kooperatiboa

ERAKUNDEAREN HISTORIA

Ledeako San Francisco Javier ardo kooperatiba 1939ko urriaren 15ean eratu zen eta hauek osatu zuten batzorde antolatzailea: Tomás Urzainqui, Nicanor Pérez de Obanos, Juan Artázcoz, Martín Sanz, Cecicilio Oyaga, Antonio Arina eta Manuel Saralegui. Kooperatibaren egoitza eraiki arte, herriko etxean ezarri zen egoitza soziala. Helburu nagusi hauek zituen: eraikin, biltegi eta dolareak eraikitzea; bazkideen upeltegiak alokatzea; tresna, lanabes eta makina egokiak erostea; mahastizaintza eta ekoizpena “hobetzea”; ardoak egiteko metodo modernoagoak eta ekonomikoagoak erabiltzea; zuzeneko eta zeharkako salmenta; ardantzetarako ongarriak, sulfatoak eta nekazaritza-lanabesak erostea, eta “aurreztea sustatzea eta elkartekideak laguntzea beren uzten eta bertzelako bermeen konturako aurrerakinak emanez... eta beren interesen alde egitea”.

Bazkidetzeko, 16 urte baino gehiago izan behar ziren, eta gutxienez mahasti-erregu bat eduki. Adingabeek ez zuten gurasoen baimenik behar, ezta emakume ezkonduek senarren baimenik ere.

1942ko apirilaren 24an, zuzendaritza-batzordeak adostu zuen estatutu batzuk eginen zituela Nafarroako Mahastizainen Batasunarekin batera, kooperatiben batasun bat sortzeko eta ardoak hobeki eta modu zentzuzkoago batean kokatzeko merkatuetan; ardoak errazago garraiatzeko trenbide-materiala eskuratzea ere aurreikusi zuten.

Urte batzuk geroago, upeltegiak estatutuak aldatu behar izan zituen, 1942ko urtarrilaren 2ko Kooperazioaren Lege berrira egokitzeko. Zuzendaritza-batzordeak 1944ko azaroaren 9ko bilkuran onetsi zuen aldaketa, eta batzar nagusiak, berriz, azaroren 12an.

Onetsitako estatutu haietan kapital soziala arautu zen. Era honetan osatua zegoen: kooperatibaren funtsa, salmentetan lortutako etekinaren % 10eko kreditu bat sinatuz eratua; erreserba-funtsa, eratuz joanen zena ekitaldi ekonomiko bakoitzeko etekinaren % 10 kenduta; eta amortizazio-funtsa, kidetze-sariek, kalte-ordainek, deskontuek eta isunek osatua. Orobat zehaztu zen nola izanen zen uztak likidatzeko prozesua eta  zein izanen ziren kooperatibako administrazio-organoak eta haien eskuduntzak: kooperatibako burua, zuzendaritza-batzordea, idazkaria, merkataritza-agentea, ardogile enologoa, atezaina eta kontseilaria, hots, herriko apaiza, zeina aholkulari eginkizunak zituen (botorik gabe) eta erakundearen zerizan erlijioso eta morala zaintzeaz arduratzen zen, lotura lanak eginez bazkideen artean.

1945eko abenduaren 11ko bileran, upeltegiko bulegoetan telefonoa jartzeko eskatzea erabaki zuen batzordeak, eta eskaerari ezezkoa eman zitzaion telefono-zentraletik oso urrun zegoelako.

1946ko maiatzaren 7an, estatutuetan beste aldaketa bat onetsi zuen zuzendaritza-batzordeak, batzar nagusiak hilaren 12an onetsi zuena. Haren ondorioz, Lan Ministerioko Kooperatiben Erregistro Ofizialean inskribaturik gelditu zen, Landa Kooperatiben Batasun Nazionalean.

1947ko otsailaren 8ko bileran gogorarazi zen azken batzar nagusian upeltegiaren instalazioak handitzea onetsi zela, eta zuzendaritza-batzordea arduratu behar zela planoak eta aurrekontuak eskatzeaz. Díaz arkitektoari enkargatu zitzaion. Obrak Zangozako Carlos Cemborain jaunari esleitu zitzaizkion, eta 1949ko ekainean bukatu zituzten.

Ondoren, nekazaritza-lanetarako traktore bat eta garia jotzeko makina bat eskuratu zituen kooperatibak, eta araudi bat ezarri zuen bazkideek zer-nola erabil behar zuten zehazteko. 1976ra arte erabili ziren, eta urte hartan ahalik eta preziorik hoberenean saldu ziren.

1956ko urtarrileko batzar nagusian mahatsa gordetzeko zailtasunak zeudela esan zen, lekurik ez zegoelako, eta erabaki zen dolare berriak eraikitzeko ahalmena ematea zuzendaritza-batzordeari. Urte hartako ekainean Rafael Primierari esleitu zitzaizkion eraikuntza-lanak.

Era berean, 1959ko batzar nagusian, ardoak saltzeko lokal bat instalatzea proposatu eta halaxe onetsi zen, salmentak upeltegitik zuzenean egin beharrik ez izateko.

“Kooperatibaren zilarrezko ezteiak direla eta, erabaki da meza handia egitea San Frantzisko Xabierkoaren egunean, predikatzaile berezia eta kantariak ekarriz; ondotik, agintari eta zuzendaritzako kideendako bazkaria eginen da, eta senidetasun-merienda bat bizilagun ororendako. Bestetik, S. Frantzisko Xabierkoaren irudia enkargatuko zaio eskultore bat, fatxada nagusian paratzeko, eta dantza-orkestraren bat ekarriko da jaia alaitzeko”.

1973ko abenduan, upeltegia Nafarroako Jatorri-deituraren Kontseilu Arauemailean sartzea erabaki zuten.

1977an, eta Nafarroako Jatorri-deituraren Kontseilu Arauemaileak eta Nekazaritzako Probintzia Ordezkaritzak mahatsa garraiatu eta deskargatzeko burdinazko bidoiak erabiltzea debekatu zutenez, baimena eman zen plataforma baskulagarri bat jartzeko, mahatsa ontziratu gabe deskargatzeko burdina ukitu gabe.

Lan Ministerioak eskaturik, izena beste kooperatiba batzuen izenen berdina zenez, kooperatibari izena aldatu zitzaion eta “Vinícola San Francisco Javier La Plana, S. Coop. Ltda.” izena hartu zuen 1979ko apirilaren 5etik aurrera.

1980an berriz aldatu ziren estatutuak, abenduaren 19ko 52/1974 Kooperatiben Lege Orokorrera eta hura garatzen zuen erregelamendura egokitzeko. Erregelamendu hori 2710/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, baina etenik gelditu zen haren aplikazioa, kooperatiba-sozietateei aplikatu beharreko araudi berri bat egiten ari zirelako: 2848/1979 Errege Dekretua. Estatutuak 1991ko ekainean onetsi ziren berriz, Kooperatibei buruzko 1989ko uztailaren 3ko Foru Lege berrira egokiturik.

1989ko abenduaren 3an, kooperatibaren 50. urteurrena ospatu zen honako ekitaldi hauekin: Meza, herri-aperitiboa kooperatibaren lokaletan, eta bazkide eta interesdunendako bazkaria.

1993az geroztik, uztaren zati bat botilaratzea erabaki zen, eta Val de Foz izenarekin saltzea.

1998ko apirilaren 22an, Batzar Nagusiak estatutuen aldaketa onetsi zuen, Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/96 Foru Legera egokitzeko.

2010ean, hainbat urte bileratan eman ondoren, kooperatiba arteko akordio bat sinatu zuen Zangozako ardo kooperatibarekin, “indarrak batu eta ardoa batera ekoitzi eta merkaturatzeko”.

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

2021eko azaroan, Nafarroako Artxibo Garaikideak dohaintzan jaso zuen Ledeako San Francisco Javier upeltegi kooperatiboaren dokumentu-funtsa.

EDUKIA

Funtsak era honetako agiriak biltzen ditu: administrazio-arlokoak (estatutuak, aktak, memoriak, bazkideen kudeaketa), giza baliabideen kudeaketa, kontabilitatea, ondarea, hala nola ardoa ekoitzi, prestatu eta saltzeko jarduerekin lotutakoak.

ANTOLAKETA

230 FUNTSA - LEDEAKO SAN FRANCISCO JAVIER UPELTEGI KOOPERATIBOA

  • 230.01 ADMINISTRAZIOA
    • 230.01.01 Sorrera eta estatutuak
    • 230.01.02 Batzorde nagusiaren aktak
    • 230.01.03 Zuzendaritza-batzordearen aktak
    • 230.01.04 Bazkideen kudeaketa
    • 230.01.05 Memoriak
    • 230.01.06 Korrespondentzia
    • 230.01.07 Administrazio publikoekiko harremanak
    • 230.01.08 Beste erakunde batzuetan izandako parte-hartzea
  • 230.02 GIZA BALIABIDEEN KUDEAKETA
    • 230.02.01 Kontratuak eta laneko parteak
    • 230.02.02 Ordainsariak
    • 230.02.03 Lan harremanak
    • 230.02.04 Prebentzioa eta Gizarte Segurantza
    • 230.02.05 Ikuskaritza
  • 230.03 KONTABILITATEA
    • 230.03.01 Diru-sarreren eta gastuen kontabilitate agiriak
    • 230.03.02 Kontuak eta balantzeak
    • 230.03.03 Kontabilitate liburuak
    • 230.03.04 Diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriak
    • 230.03.05 Ikuskaritza eta fiskalizazioa
  • 230.04 ONDAREA
    • 230.04.01 Baskula
    • 230.04.02 Biltegia
    • 230.04.03 Obrak eta ekipamendua
  • 230.05 ARDOAK EKOITZI ETA EGITEA
    • 230.05.01 Ekoiztea eta egitea
    • 230.05.02 Ardoen salmentak eta irteerak
  • 230.06 ARGITALPENAK
    • 230.06.01 Monografiak eta aldizkako argitalpenak

 

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentarioa Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta hango aretoan kontsulta daiteke.

LEDEAKO SAN FRANCISCO JAVIER UPELTEGI KOOPERATIBOA