es | eu

Imprenta Ortiz

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/219

IZENA

ORTIZ INPRIMATEGIA

MUTURRETAKO DATAK

1957-1996

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

39 kaxa

EKOIZLEA

ORTIZ INPRIMATEGIA

ERAKUNDEAREN HISTORIA

1958an Tarsicio eta Ignacio Ortiz Alzueta anaiek Juan García Lorenteren inprimategi-tailerra erosi zuten, Iruñeko San Fermín kaleko 22.ean. García inprimategia zabaltzeko baimena 1956ko abenduan eman zuen Nafarroako Industria Delegazio Probintzialak. Aurkeztutako memoriaren arabera, han egiten ziren, batez ere, inpresio komertzialak eta beste hainbat argitalpen; 8 makina zituen (bi Minerva markakoak, folio luzatuaren eta folio bikoitzaren tamainakoak, papera mozteko gillotina bat, eta 5 txibalete edo inprimategiko tipoak gordetzeko armairu bereziak), eta 4 langile enplegatzen zituen.  Fernando Garcia Lorenteren (ordurako hila zen titularraren anaia) eta Ortiz Altzueta anaien arteko salerosketa-kontratua 1958ko otsailaren 10ean sinatu zen, guztira 229.628,71 pezeta ordainduta.  1965era arte ez zen aldatu egoitza soziala Imprenta Ortiz izenera, eta handik bi urtera Abejeras kaleko 29.era aldatu zen; handik gutxira, berriz, (1968ko urtarrila) behin betiko ezarri zen Beloso Behea kaleko 1.ean.

Eraikin hura 1942an eraiki zen, sustatzailea Zósimo Ortiz Urtasun zela, Tarsicio eta Ignacioren aita; hasieran San Francisco Javier txaleta izena eraman zuen, baina herritarrentzat Villa Celes zen, ziurrenik Celestina Alzuetarengatik, hau da, Ortiz anaien amarengatik. Inprimategiak beheko solairua hartu zuen, eta goiko pisuak errentan emandako etxebizitzak izan ziren.

Inprimategia ezarri orduko, hasierako urteetan jadanik, negozioa modernizatzeko interes handia erakutsi zuten jabeek. Etiketa itsasgarrien merkatu berritzailean zentratu ziren, eta orientatu ziren hoditeria elektriko, hidrauliko, gas-hodi eta halakoetara, erabat bazter utzi gabe inprimategien usadiozko merkatua (gutunazalak, liburuxkak, fakturak...).

Aldarte berritzaile horren fruitua da 1960ko ekainaren 2an ematea sarrerako patente bat (258.422 patentea), Etiketa Itsaskorren Banaketa izenekoa, eta 1963an, berriz, eredu baliagarri batena, Kable Markagailu Perfekzionatua izenekoa. Bi produktu horiek behin betiko ekoizten hasteko ziurtagiriak 1967an lortu zituzten.

1968tik aitzina, Ortiz Inprimategia, batzuetan Industrias Ortiz izenez ere ezaguna, gero eta gehiago sartzen da estatuko industria elektrikoan bere eraztun identifikatzailearekin, eta garapen komertzial handia lortu zuen.

Enpresak bere jarduera behin betiko utzi zuen XX. mendeko 90eko hamarkadan.

Ortiz Alzueta anaiak

Industria Erregistroaren espedienteetan inprimategiaren titular gisa Tarsicio eta Ignacio Ortiz Alzueta anaiak ageri dira, baina egiaz, proiektu modernizatzaileen bultzatzaile nagusia Ignacio izan zen.

Ignacio Ortiz Alzueta Zósimo Ortiz Urtasun higiezinen sustatzailearen eta Celestina Alzuetaren semea zen, eta 1925eko apirilaren 22an jaio zen. Enpresaren dokumentazioari esker ezagutu ahal izan da haren aldarte kementsu eta ekintzailea. Esaterako, 1952an Monroviara joan zen, Liberiako hiriburura, eta hasieran Vicente Munarriz Industrial Works Corporation” elkartean lan egin zuen, administrazio lanak eta xaboia ekoizteko lanak eginez.

Ondoren, merkataritzako eragile aritu zen Monroviako portu librean, Estatu Batuetako Monrovia Port Management Company LTD enpresan aritu zen, 1957ra arte.

1958aren hasieran Iruñera itzuli eta inprimategien negozioan sartu zen, artean eskarmentu handirik ez zuela sektore horretan. Bere kontaktuak eta espiritu berritzailea aprobetxatuz, inprimategiaren ekoizpena orientatu zuen Espainian garatu gabe zeuden jarduera eta sektoreetara, etiketa itsaskorren merkatuan zentratuz eta “eraztun identifikatzailea” patentea garatuz.

Dokumentazioan ikusten da jabeen etengabeko interesa sektoreko berrikuntzen gainean, kontaktua mantenduz garai hartan, bai merkataritzarako eranskailuak inprimatzeko tekniketan, bai tipografiako makineria modernoaren garapenean ere, nazioartean puntakoak ziren enpresekin.

Haren anai Tarsiciori dagokionez, Artxibo Garaikidean gordetako informazioaren arabera, 1947an eskatu zuen, Industria Delegazio Probintzialean, Iruñeko Aldapa karrikako 4.ean zegoen inprimategi bat, orduan erosi berria Fernando García Sorbeti, Amorebieta herrira aldatzeko baimena. Eraikuntzako sustatzaile gisa ere lan handia egin zuen 1955etik 1978ra bitartean, orduan eraikitzen ari ziren Arrosadia eta III. Zabalgunea auzoetan.

Villa Celes

1941eko irailean, Zosimo Ortiz Urtasunen Fiscalía de la Vivienda izeneko erakundean aurkeztu zuen Iruñeko Beloso Behea izeneko lekuan txalet bikiak eraikitzeko proiektua. Proiektu hura Domingo Ariz eta Víctor Oteiza arkitektoek sinatuta dago. Azkenean, proiektuko bi txalet haietatik bakar bat eraiki zen, garai hartan lan zail samarra izan zena, haren bi solairu sestra-kotaren azpitik geratzen baitziren.

1968an inprimategi-tailerra eraikinaren beheko solairura eraman zen, eta gainerako solairuetako etxebizitzak errentan eman ziren. 1972an, Ignacio Ortizek ostatu-etxe bat irekitzeko baimena eskatu zuen, amarentzako laguntza izan zedin, baina ez dirudi jarduera hark aurrera egin zuenik.

Bitxikeria bat aipatzearren, txalet hori, hasiera batean san Francisco Javier izena zuena, eta herritarrek Villa Celes deitzen zutena, batzuen esanetan, Belgikako Fabiola erreginaren opor-lekua izan omen zen.

Ortiz Inprimategiaren egoitza izateari utzi zionean, eraikin hura abandonatuta geratu zen, eta hainbeste hondatu zen, azkenean Iruñeko udalak erosi eta 2016an eraitsi egin zuen.

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

Ortiz inprimategiaren dokumentu funtsa Nafarroako Artxibo Garaikidera iritsi zen Lizarran dagoen Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnologikotik egindako transferentziaren bidez. Dokumentazio hau erosketa bidez eskuratu zen 2000ko urtarrilaren 26an, Nafarroako Gobernuaren Museoen Zerbitzuaren eskutik, antzinako inprimategiaren makineriarekin eta beste hainbat ekipamendurekin batera.

EDUKIA

Funtsa osatzen dute artxiboko 39 kutxak, 1952tik hasi eta 90eko hamarkadako azken urteetara arte iristen den kronologia batekin, tartean dela Bariko San Nikolasi eskainitako bederatziurrenen bilduma txiki bat, 1856an inprimatutakoa.

Dokumentu gehienak gai administratibo-finantzariei eta merkataritza gaiei dagozkie. Eta aipagarriak dira, orobat, gutunak, bai pertsonalak bai lanbidearen arlokoak, tipografia-makineriaren katalogoak, 60ko hamarkadakoak, 70eko hamarkadaren hasierako estatu mailako ekoizpenaren eta ekoizleen hainbat katalogo, eta 1963ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketa Azokaren katalogoa.

Eta ikusgarriak dira, halaber, erakusgaiak, tartean direla bisita-txartelak, jaietako egitarauak, fakturak, papertegia, etab., Ortiz Inprimategian egindakoak, haietan islatzen baitira 60-70 hamarkadetako Nafarroako enpresa ugariren goiburu komertzialak eta estetika.

ANTOLAKETA

 219 ORTIZ INPRIMATEGIA

  • 219.01 Enpresa-kudeaketa

    • 219.01.01 Ekonomia eta finantza arloetako dokumentazioa

    • 219.01.02 Kudeaketa tekniko-komertziala

    • 219.01.03 Gremioaren dokumentazioa eta langileen kudeaketa

    • 219.01.04 Higiezinen eta makineriaren kudeaketa

  • 219.02. Dokumentu pertsonalak

    • 219.02.01 Dokumentu pertsonalak

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Nafarroako Artxibo Garaikidean inbentarioaren gela barneko kontsultak egiten ahalko dira.