es | eu

Arrosadiko Denak Batuak auzo elkartea

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/201

IZENBURUA

Arrosadiko Denak Batuak auzo elkartea

MUTURRETAKO DATAK

1920-2008

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

  • 2 dokumentu
  • 184 espediente
  • 65 kartel

EKOIZLEA

Arrosadiko Denak Batuak auzo elkartea

ERAKUNDEAREN HISTORIA

Hasiera batean izena zuen “Asociación de Vecinos Denak Batuak del Barrio de la Milagrosa”, eta abenduaren 24ko 191/1964 Legearen babesean sortu zen. 1974ko maiatzaren 13an inskribatu zen erregistroan, “Asociación de vecinos del Barrio de la Milagrosa” izenarekin.

Fundazioaren espedientea gordetzen ez bada ere, estatutuen zenbait kopia gorde dira, aldaketa batzuekin, besteak beste, elkartearen izena, zeina orain baita “Arrosadiko Denak Batuak auzo elkartea”.

Iruñean eratu zen, helburu zuela “bere mugapeko familietan eta kolektiboetan maila kultural, sozial eta zibiko handiagoa lortzea.” Helburu hori lortzeko, elkarteak hainbat jarduera eginen ditu, hala nola:

- Honako hauek gauzatu edo hobetu daitezen sustatzea: interes publikoko obrak, urbanizazioa, osasuna, garbiketa, hezkuntza, irakaskuntza, hornidura, garraioak, ongintza eta abar, eta horien funtzionamendu eta egoera ona zaintzea.

- Biltzeko, jolasteko eta kirola egiteko tokiak izateko lurrak erosi, alokatu edo gozatzea, bere mugapearen barrenean nahiz kanpoan.

- Kooperatibak, mutualitateak, eskolak, akademiak eta abar sortzea, hori guztia bere lurralde eremuaren eta bere bazkideen onurarako, inolako interes partikularrik gabe.

- Honako hauek antolatzea: kirol taldeak, musika eta folklore taldeak, liburutegiak, zinema eta antzerki saioak, hitzaldiak, ikastaroak, kultura trukeak, txangoak eta abar; eta auzora bizitzera etortzen diren familia berriei egokitzeko laguntza eta aholkularitza ematea.

- Bazkideak ordezkatzea elkartearen helburuekin zerikusia duten interes komuneko gaietan, bai eta beren lurralde-eremuan moral publikoa zaintzea, eta bertako biztanleen artean adiskidetasun eta anaitasun giroa zabaltzea.

- Elkarteak, era berean, era guztietako organismo, erakunde, entitate edo partikularrekin lankidetzan egiten ahalko ditu bere eginkizunak edo jarduerak.

Legeriak ezartzen zuenari jarraikiz, Loretoko Andre Mariaren Ikastetxean jarri zuen egoitza soziala, San Juan Bosco zeharkaleko 3-5 zenbakietan, eta bere lurralde eremuan hartzen zituen Arrosadia, Santa María la Real eta Abejeras. Era berean, elkartearen helburuak lortzeko, hainbat atal espezializatu sortu ziren: hirigintza, kultura, irakaskuntza, haurtzaindegiak eta osasuna, prezioak, gazteak eta propaganda. Zuzendaritza batzordeko kideak hautatzeko arau batzuk ere ezarri ziren. Hauek osatzen zuten batzorde hori: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta kide bana atal bakoitzeko. Auzokoen arazoak arinago ebazteko, batzorde betearazle bat sortu zen, elkartearen liburu, ziurtagiri eta agiriez arduratzeko eta bitarte baterako izendapenak proposatzeko, berritu arte. Organo gorena bazkide guztiek osatutako batzar orokorra da, eta bil daiteke ohiko deialdian, kontuak, aurrekontuak eta erregelamenduak onartzeko nahiz zuzendaritza-batzordearen erabakiak berretsi ala ezeztatzeko, edo ohiz kanpoko deialdian, estatutuak aldatzeko, kideak izendatzeko, ondasunen gaineko xedapenak emateko edo batzordea desegiteko. Elkartea finantzatzen da bazkideen, dohaintzen eta dirulaguntzen bidez, bai eta hainbat kirol edo kultur ekitalditan lortutako diru-sarreren bidez ere. Azkenik, ezarri ziren bazkide egiteko baldintzak ere, izan familia gisa edo banaka, eta haien eskubide eta betebeharrak.

Auzo elkartea sendotzen joan zen; 1977an bazituen 540 bazkide eta lehen aipatutako sailak. Herritarren ekintzarako eta udal-gaietan parte hartzeko jarrera kritikoa zuen ezaugarri, asmoa baitzen auzoa eraldatzea eta “humanizatzea” ideia berrien eta auzolanaren bidez.

Izaera aldarrikatzaile hori areagotu egin zen hurrengo urteetan kanpaina eta jarduera politiko eta sozialekin, eta beste hainbat arlotan ere egin ziren eskaerak, hala nola kulturan, hezkuntzan, ingurumenean eta hirigintzan, batez ere Zaragozako etorbideko trafikoa arriskutsua zelako herritarren segurtasunerako.

1991n estatutuak aldatu ziren gai hauei dagokienez: izena, sozietatearen helbidea, zuzendaritza batzordeko kideen murrizketa, aurrekontua handitzea eta ondasunen xedea, elkartea likidatuz gero. Ordutik aurrera, izena du Arrosadiko Denak Batuak auzo elkartea, baina “Motxueloko auzo elkartea” edo “Asociación de Vecinos de la Milagrosa-Arrosadia Denak Batuak” ere esaten zaio; helbidea du Manuel de Falla kaleko 19. zenbakian, eta bere jardueren eremua Arrosadia auzora mugatua du.

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

2018ko ekainaren 15ean, Arrosadiko Denak Batuak auzo elkarteko idazkari Jesús Javier Sardá Saldiasek elkarte horretako zazpi dokumentu kaxa eman zituen.

EDUKIA

Gorde diren agirien artean, nabarmentzekoak dira auzoko jaiak antolatzeari edo elkartearen buletina argitaratzeari buruzkoak ere. Auzoko kaleen eta eraikinen argazki-bilduma bat ere bada; Iruñeko Udal Artxiboan gordeak daudenen kopiak dira.

ANTOLAKETA

201. ARROSADIKO DENAK BATUAK AUZO ELKARTEA

  • 201.01 ZUZENDARITZA ETA ADMINISTRAZIOA
    • 201.01.01 Elkartearen zuzendaritzaren eta administrazioaren dokumentuak
  • 201.02 AUZOAREN SUSTAPENA
    • 201.02.01 Herritarren jarduerak, kanpainak eta aldarrikapenak
    • 201.02.02 Argitalpenak
    • 201.02.03 Argazkiak
    • 201.02.04 Propagandarako materialak

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Sarbide librea, bazkideen kudeaketari buruzko dokumentaziora izan ezik, ez eta faktura eta ordainagirietara ere, kontabilitateko datuak baitaude.

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentario