es | eu

Ángel Martínez Baigorri

ERREFERENTZIA KODEA

ES/NA/AACF/6/225

IZENBURUA

Ángel Martínez Baigorri

MUTURRETAKO DATAK

1900-2019

DESKRIBAPEN MAILA

Funtsa

BOLUMENA

43 dokumentu

63 liburu

62 dokumentu digital

EKOIZLEA

Ángel Martínez Baigorri

ERAKUNDEAREN HISTORIA

Ángel Martínez Baigorri Lodosan (Nafarroa) jaio zen 1899ko urriaren 2an. 18 urterekin Jesusen Lagundian sartu zen, eta ikasketak egin zituen Loiolan (Gipuzkoa), Oñan (Burgos), Las Palmasen (Kanariak) eta Urduñan (Bizkaia). 1931n II. Errepublika aldarrikatu ondoren, Jesusen Lagundia desegin zuen estatuak, eta teologia-ikasketak Belgikan jarraitu behar izan zituen. Hantxe hasi zitzaizkion agertzen urdaileko minak, bizitza osoan zehar izan zituenak.

1936an Granadara (Nikaragua) destinatu zuten, jesuiten Erdialdeko Amerikako probintziaordetzara. 1936 eta 1946 artean literaturako irakaslea izan zen Granadako Colegio Centroamericano ikastetxean, eta abangoardia literarioarekin harremanetan jarri zen (José Coronel Utrecho, Pablo Antonio Cuadra, Joaquín Pasos...). Aldi berean, haren lanak eragina izan zuen Nikaraguako poeta handiengan, hala nola Ernesto Cardenal, Carlos Martínez Rivas, Ernesto Gutiérrez, Carlos Mejía Sánchez edo Fernando Silvarengan.

Hainbat gaitz zituela eta, ebakuntza larri batzuk egin behar izan zizkioten New Orleansen eta Texasen; han idatzi zuen Ángel en el país del Águila lana. Hamazazpi ebakuntza egin zizkioten bere bizitzan zehar.

1948 eta 1954 artean filosofiako irakaslea izan zen El Salvadorreko San José de la Montaña seminarioan. Handik, Mexikora igaro zen 1954 eta 1961 bitartean, non Iberoamerikako Unibertsitateko Giza Zientzietako dekanoaren kargua bete zuen eta harremanetan jarri zen erbesteratutako poeta espainiar batzuekin: Manuel Altolaguirre, León Felipe, Emilio Prados eta Luis Cernuda. Nikaraguara itzulita, 1962an, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) lan egin zuen, 1971n hil zen arte. Luzaroan egon bazen ere Erdialdeko Amerikako lurretan, bere jaioterriarekin oso lotuta sentitzen zen.

XX. mendeko espainiar poeta erlijioso garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Bere lan poetikoa dozenaka tituluk osatzen dute, besteak beste: Romance del mantel de bodas (1938), Río hasta el fin (1951), Ángel en el país del Águila (1954), Cumbre de la Memoria (1954), Dios en blancura (1960), El mejor torero (1961), Sonetos irreparables (1964), En la sonrisa del ángulo, Nicaragua canta en mí (1968), Árbol de Navidad (1971).

HISTORIA ARTXIBISTIKOA

2018ko azaroan, Lodosako Udalaren bitartez, lehen harremanak izan ziren Ángel Martínez Baigorri poetaren familiaren eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko ordezkarien artean. Bilera horietan agerian gelditu zen familiak asmoa eta nahia zuela Nafarroako Gobernuari emateko ilobek gordetzen zuten dokumentazioa, poetaren obrarekin lotutakoa, bai eta Nikaraguako erakundeekin beharrezko kudeaketak egiteko ere herrialdean jasoa egon zitekeen obra eta dokumentazio guztia biltzeko, poeta han bizi izan baitzen luzaroan eta, ondorioz, han idatzi baitzituen literatura-lan gehienak.

Harreman horien emaitza 2021ean gauzatu zen, orduan jaso baitzuen Nafarroako Artxibo Garaikideak poetarekin eta familiak kontserbatutako obrarekin lotutako hainbat dokumentazio.

EDUKIA

Jasotako dokumentazioaren zati handi bat da poetaren familiak, bereziki Jesús Mª Martínez Paternáin ilobak, urteetan zehar gorde zuena.

Jasotako materialen artean, bere zenbait lanen lehen argitalpenak nabarmentzen dira: Ángel en el país del Águila, Dios en blancura, Sonetos irreparables, etab. Horietako batzuek familiari eskuz idatzitako eskaintzak dituzte, hala nola El mejor torero eta Desde el tiempo del Hombre.

 

Era berean, dohaintzan Imprenta del Ángelen bi ale daude, egileak berak mekanografiatutako kopiak, inguruko pertsonei oparitzen zizkienak. Kasu honetan Rosamaria Paascheri (Rosamaría Alegría ezkon aurretik) dohaintzan emandakoak dira. Hark aita Emilio Del Río Maesori laga zizkion, eta eskuz idatzitako bi poema dituzte.

Halaber, inbentarioan daude aita Ángeli hurbileko lagun zituen autoreek eskainitako lan batzuk, besteak beste Juan Bautista Bertrán jesuitak eta Josep Maria López-Picók eskainitakoak.

Nabarmentzekoak dira, zalantzarik gabe, poetak familiari bidalitako gutunak, non aita Ángelen bizitzaren arrastoa aurki baitaiteke, bai eta bere anai-arrebekin eta ilobekin izan zuen hurbiltasuna ere.

Garrantzi handikoak dira Poesías Completas editatzeko Emilio Del Ríoren prestakuntza-koadernoak. Aita Ángel hil zenean, Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (UCA) errektoreek Del Río deitu zuten 1972an, poetaren literatura-lana bildu eta ordenatzeko. Del Ríok Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) kontserbatutako materialak hautatu eta bildu zituen, bai eta poetaren familiak Espainian gordetakoak ere, batez ere Jesús Mª Martínez Paternáin ilobak eta haren emazte Magdalenak gordetakoak. Beste pertsona batzuek kontserbatutako materialak ere bildu zituen, eta harrezkero harreman berezia izan zuen haiekin guztiekin. Harreman hori Emilio Del Ríoren gutunetan ikus daiteke. Hori guztia jasota utzi zuen Managuako La Prensa egunkarian argitaratutako artikulu batean, Misión cumplida (zeregina burutua) izenburu argigarria duena.

Bildutako ekoizpen-kopuru handiak zaildu egin zuen, neurri handi batean, poesia osoa argitaratzeko aukera; 1981. urtera arte ez zen editatu Poesías completas, Emilio Del Ríoren beraren bultzadarekin.  Urte batzuk lehenago, 1978an, haren poemen hautaketa bat argitaratu zuen Juan Bautista Bertrán jesuitak, Ángel poseído izenburupean.

Emilio Del Río jesuitak lan ikaragarri hori guztia 20 koaderno mekanografiatutan bildu zuen; eskuz idatzitako ohar ugari dituzte gainera. Koaderno horiek Valladoliden argitaratutako Poesías completas lanaren 3 liburukietan txertatu ziren. Zalantzarik gabe, aita Ángelek 50 urte baino gehiagoan idatzitako literatura-lanak sistematizatzeko eta aztertzeko egin den lanik handiena izan zen.

Era berean, dohaintzan sartu dira aita Ángelen lanen ondorengo antologiak eta bildumak: besteak beste, Nafarroako Gobernuak 1999an argitaratutako Obras Completas, aita Del Ríoren lanean oinarrituak; Lodosako Udalak omenaldi gisa 2019an egindako Sonetos irreparablesen berrargitalpena; eta Erdialdeko Amerikako letretako hainbat pertsonalitaterekin (Ernesto Cardenal, José Coronel Utrecho, Ignacio Ellacuría, Carlos Martínez Rivas eta abar) izandako korrespondentziaren hautaketa, Managuako Erdialdeko Amerikako Unibertsitateak 2011n argitaratua, Con el Hijo del hombre. Las cartas izenburupean.

Aita Ángelek Erdialdeko Amerikan eta, batez ere, Nikaraguan hartu zuen sinesgarritasuna eta ospea adierazten da nazioko egunkari nagusien azalen bidez, hala nola La Prensa eta Novedades de Managua, zeinek bere orrietan 1971n poeta hil zela adierazten baitute, haren figura literarioaren eta gizatiarraren balioa nabarmenduz, bai eta zenbait egilerengan izan zuen eragin eta irakaspen sakona ere, hala nola Ernesto Cardenal, Luis Rocha, Fernando Silva, José Coronel Utrecho, Pablo Luis Cuadra... Horiekin harreman estua izan zuen, eta askok aitortu dute haren lanaren zordun direla.

Era berean, gorde dira Nuevo Amanecer egunkariak poeta lodosarrari eskainitako edizio berezien kopiak; hain zuzen ere, bere jaiotzaren mendeurrena zela eta Luis Rochak zuzendutako gehigarri kulturalaren bidez argitaratutakoak. Bitxia bada ere, horietako bat 1999ko abuztuaren 7an argitaratu zen, oker ulertu baitzuten hori zela mendeurrena, eta bestea, berriz, urriaren 2koa da, poetaren jaiotzarekin bat datorrena.

Nafarroako Artxibo Garaikidean jasotako dokumentu-funtsak barne hartzen ditu aita Ángel hil ondoren egindako zenbait azterlan ere. Horien artean, nabarmentzekoa da 1973an, poeta hil eta bi urtera, Mª Concepción Andueza Cejudok Mexikoko Unibertsitate Autonomoan aurkeztu zuen doktorego-tesia; Rosamaría Paascheren Ángel Martínez Baigorri, místico conceptista lana, Nafarroako Gobernuak 1992an argitaratua; eta Emilio Del Riok, Juan Bautista Bertránek, Ignacio Elizaldek, Magdalena Aguinagak, Ángel Raimundo Fernándezek, Pilar Aizpúnek eta beste zenbaitek hari buruz idatzitako artikuluak.

Halaber, hainbat garaitako argazki-bilduma handi bat sartu da funtsean; horietako asko formatu digitalean daude. Argazki horietan, ageri da lanean Managuako Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean eta Mexikoko Iberoamerikako Unibertsitatean izan zituen bulegoetan; Hollywooden, Humprey Bogart eta Shirley Mclainekin batera; eta 1950ean Toledon egindako Idazleen Kongresuan, Luis Rosalesekin, Camilo José Celarekin edo Gonzalo Torrente Ballesterrekin batera.

Dohaintza osatzen dute Lodosan, bere jaioterrian, egindako aitortza-ekitaldiei buruzko prentsa-zati batzuek: literatur lehiaketa, bere izena duen liburutegiaren inaugurazioa, bere jaiotetxean oroimenezko hilarri bat jarri zutenekoa, bere irudiaren bustoa egin zutenekoa, eta abar. Bere figurari eskainitako artikuluak ere badaude.

ANTOLAKETA

225 ÁNGEL MARTÍNEZ BAIGORRI FUNTSA

  • 225. 01. DOKUMENTU PERTSONALAK
    • 225. 01.01 Argitalpenak
    • 225.01.02 Poesiak eta idazlanak
    • 225.01.03 Argazkiak
    • 225.01.04 Liburutegi pertsonala
    • 225.01.05 Korrespondentzia pertsonala
  •  225. 02 HAREN LANAREN HEDAPENA ETA AZTERKETA
    •  225. 02.01 Bildumak eta antologiak
    •  225.02.02 Haren lanari buruzko azterlanak, doktorego-tesiak eta artikuluak
    •  225.02.03 Haren lana berreskuratzeko eta editatzeko korrespondentzia
  •  225. 03 HAREN FIGURAREN AITORTZA
    • 225. 03.01 Omenaldi eta aitorpen ekitaldiak
    •  225. 03.02 Egunkari zatiak

ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK

Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa eta Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa.

DESKRIBAPEN INSTRUMENTUAK

Inbentarioa dago Nafarroako Artxibo Garaikidean, eta bertako aretoan kontsulta daiteke.

Ángel Martínez Baigorri