es | eu

"Vidas censuradas", Nafarroako Artxibo Garaikidearen lan berria

2020/01/14
Argitalpen berriaren azaleko irudia

Nafarroako Artxiboan, emakumearen moraltasunaren gaineko kontrola aztertzeko dokumentazio-funts zabala dago gordea.

Plazan da Emakumeak eta Dokumentuak saileko hamargarren lana, Vidas censuradas. El control de la moral pública y privada de las mujeres izenburukoa, Nafarroako Artxibo Garaikideak argitaratua. Gemma Piérola Narvarte irakasle eta ikerlaria izan da egilea. Saila 2019ko martxoan abiatu zen, Nafarroako Artxiboan dauden dokumentazio-funtsak ezagutzera emateko. Era berean, emakumeari lotutako hainbat alderdi eta gairi buruzko ikerketa-ildoak urratu nahi ditu, bai eta emakumeen eskubideak finkatzearen aldeko lanean aritu ziren nafar emakume guztiak omendu ere.

Bizitza zentsuratuak

XIX. mendean zehar, ildo kontrairaultzaile batzuk familiaz baliatu ziren gizartea soka motzean lotzeko. Familiak egitura tradizional patriarkalaren antza izan behar zuen, eta aginte nagusia gizonaren gainean zetzan. XX. mendeko 40 hamarkadan, hierarkia hura zabaldu egin zen, Estatua bera izan baitzen familiaren gainetik egon zitekeen autoritate bakarra. Horrela, emakumea, emazte eta ama zen neurrian, bizi-emaile, zaintzaile eta hezitzaile izateaz landara, Francoren diktaduraren antolamendu sozial eta ideologikoaren isla fidela izan zen.

Frankismoak, halaber, ohiturak moralizatzeko asmoa abiarazi zuen, diskurtso zientifiko batek bermaturik. Diskurtso hura emakumea gizonaren menpean jartzeko tresna izan zen, faktore biologikoak, psikologikoak eta neurologikoak erabilita. Horren bidez, Estatuak herritarren moraltasunaren kontrola hartu zuen bere gain. Emakumeei dagokienez, hainbat erakunde sortu ziren haien jarrera kontrolatzeko eta portaerak modelatzeko.

Nafarroako Artxibo Garaikideko funtsetan badago dokumentazio interesgarria emakumeak gizartean kontrolatzeko egoera hartara hurbiltzeko. Zehazki, Nafarroako Emakumea Babesteko Patronatuaren Batzorde Probintzialari lotutako agiriak dira. Funtsa 1944tik 1986ra bitartekoa da eta, hartan, administrazio arloko dokumentazioaz gain, aktak ere badaude. Aktetan jasoa dago nor ziren batzordekideak, noren ordezkari ziren, zer erlijio-ordena eta nola aritzen ziren emakumeak kontrolatzen eta berrezten, zer salaketa aurkezten ziren, zer-nolako botere handia zuten herrietako toki agintariek, etab. Dokumentazio baliosa da erregimen frankistak emakumeei buruz zerabilen diskurtsora hurbiltzeko, emakume aunitzen gainean eragindako kontrolaz jabetzeko, kontrola zer agentek egin zuten jakiteko, eta oro har, ikuspegi aberasgarri eta beharrezko batetik, emakumeek gizartean, politikan eta ekonomian izan zuten egoera hartara ere hurbiltzeko.

Zerrendara itzuli