es | eu

Ostatu hartu Artxibo Garaikidearen proiektu berria da, 1939tik 1986ra bitartean alta eman zuten ostatu-establezimenduak erakusten dituena

2020/09/07
Ostatu hartu Artxibo Garaikidearen proiektu berria da, 1939tik 1986ra bitartean alta eman zuten ostatu-establezimenduak erakusten dituena
Fiteroko bainuetxearen antzinako irudia.

Gorde diren 1.000tik gora espedienteetatik, 263 establezimendu erakusten ditu Artxibo Irekiaren lehen aukera honek.

Nafarroako Artxibo Garaikideak publikoaren eskura jartzen ditu, Artxibo Irekian, Nafarroan 1939tik 1986ra bitartean ostatuak inskribatzeko hasitako 263 espediente. “Ostatu hartu” proiektuak era horretako 1.000tik gora espediente jaso ditu, azterlanerako eta ikertzaileentzako eremu berriak zabaltzen ahal dituztenak.

1939ko apirilaz geroztik baimena izatea nahitaezkoa izan zen, “ostatu” ematen zuten enpresa eta negozioentzat; hasieran Gobernazio Ministerioa izenekoak eman behar zuen baimena, eta ondoren Informazio eta Turismo Ministerio delakoaren Nafarroako Herrialdeko Ordezkaritzak. Orduan erregistratu ziren guztiak, legez, haietako asko lehendik ari baziren ere.

Garai hartan, ostatuak, hostalak, hotelak, pentsioak eta apopilo-etxeak komunikazio-bide tradizionalen inguruan kokatzen ziren. XIX. mendeko diligentzia-posta zaharren oinordekoak ziren, orduko garraioak motelak izanik, helmugara iritsi baino lehen behin baino gehiagotan geldialdia egin behar izaten baitzen, gaua herriren batean igarotzeko. Ostatu haietako asko emakumeek gobernatzen zituzten.

Dokumentazio oparoa

Nafarroako Artxibo Garaikideak “Ostatu hartu” proiektuari ekin dio, ostatu, hotel, pentsio eta apopilo-etxeen inguruan bere gordailuetan biltzen duen dokumentazio hori ezagutarazteko asmoz.

Dokumentazio horretan aurkitzen ditugu Informazio eta Turismo Ministerioa izenekoan ostatu-establezimenduak sailkatzeko jasotako espedienteak, 1939an behartu zutenetik hasi eta 1986 bitartekoak.

Garai hartan, erregistroa eskatzeko, eskabideari erantsi behar zitzaion jarduera aurrera eraman behar zen eraikinaren edo solairuaren planoa, eta xehetasunez adierazi behar ziren logelak, komunak eta garbitokiak, hala nola gela, gosari, bazkari eta afarien prezioak. Espediente horiek jasotzen zituzten, halaber, memoriak, alokairu kontratuak, jabetza aldaketak, bajak eta argazkiak ere bai, batzuetan, eta horregatik dira interes handikoak joan den mendeko Nafarroaren errealitate ekonomiko-soziala ezagutzeko. Dokumentazio-iturri horiek orain arte ia ezezagunak izan dira, eta gure historia hurbila aztertzeko eta ikertzeko eremu berriak zabaltzen ahal dituzte.

Azpimarragarria da ostatu-establezimendu horietako asko irekita daudela oraindik ere, eta emakumeak izaten zirela, garai hartan, negozioaren ardura beren gain hartzen zutenak; baina, urteak joan eta urteak etorri, jabeak eta izenak ere aldatu dira, kasu askotan.

Artxibo Garaikidean gordetzen diren 1.000tik gora espedienteetatik, 224 hautatu dira orain Artxibo Irekian argitaratzeko. “Turismo establezimenduak” dira, lehen, bigarren edo hirugarren mailako hotelak, pentsioak edo ostatuak eta apopilo-etxeak, halako sailkapenak jasotzen baitzituzten, eskaintzen zituzten zerbitzuen kalitatearen  arabera. Proiektuak zabalik jarraitzen du eta pixkanaka osatuz joanen da, establezimendu guztien irudiak eman arte.

Arkitektura eta bitxikeriak

Establezimendu horietako batzuk kokatzen ziren eraikinen proiektuak arkitekto ospetsuek sinatu zituzten, besteak beste, Víctor Eusa Razquinek (Lekunberriko Hostal Ayestarán edo Iruñeko Hotel La Perla), Domingo Áriz Armendárizek (Mugiroko Hotel Gabari edo Tafallako Hostal Tafalla), edo Javier Esparza San Juliánek (Hotel Residencia Eslava).

Horietako zenbait irekita daude gaur, oraindik ere, baina jarduera aldatuta, esaterako Olabeko Saioa Hotela, gaur egun adinekoen egoitza dena, edo Iruñeko Katatxu Taberna Jatetxea, pentsio gisa ireki zena.

Bitxikeria bat aipatzekotan, aipagarria da Iruñeko Gazteluko Plazan, etxebizitza-eraikin baten fatxadan, oraindik ere, Hotel El Cisne iragartzen duen errotulua ageri dela, delako hotel hori XX. mendeko 60ko hamarkadan itxi bazen ere.

Zerrendara itzuli