Guztira, ostatu-establezimenduen 977 plano eta argazki digitalizatu eta argitaratu dira Artxibo Irekian.
Nafarroako Artxibo Garaikideak (NAG) ostatu-establezimenduen 977 plano eta argazki digitalizatu eta argitaratu ditu Artxibo Irekia plataforman: fondak, pentsioak, hostalak eta apopilo-etxeak dira, hain zuzen. Iturri dokumentalak eskura jartzea izan da lanaren helburua, Nafarroako oraintsuko historiari buruzko azterlan eta ikerlan berriak egiteko.
1939tik 1986ra bitarteko espedienteak
1939tik 1986ra bitarte sailkatutako ostatu-establezimenduen espedienteak dira eta Informazio eta Turismo Ministerioaren Probintzia Ordezkaritzan zeuden. Ostatu emateko enpresa edo negozio oro irekitzeko, espediente bat egiten zen, eta eskabidearekin batera, establezimendua kokatuko zen eraikinaren edo solairuaren plano bat sartzen zen, hainbat gauza zehaztuta, hala nola logelak, osasun zerbitzuak, eta logelaren, gosarien, bazkarien eta afarien prezioak. Espedienteetan, halaber, bestelako agiriak sartzen ziren, hala nola memoriak, alokairu-kontratuak, titulartasun-aldaketak, bajak, bai eta argazkiak ere. Beraz, arras interesgarriak dira XX. mendeko Nafarroako ekonomia eta gizartea zertan ziren jakiteko. Nabarmendu behar da ostatu haietako aunitz oraindik ere zabalik daudela eta hasieran emakumeak izaten zirela eskabidearen sinatzaileak.
Aipatu negozioak komunikazio-bide tradizionalen arrimuan kokatzen ziren, hau da, XIX. mendeko diligentzia-posten oinordekoak ziren. Orduko garraioak, izan ere, motelak ziren, eta horren ondorioz, jendeak herri aunitzetan eman behar izaten zuen gaua helmugara iritsi baino lehen.
Nafarroako Artxibo Garaikidean gordeak dauden 1.000tik gora espediente haietatik, 977 “turismo-establezimenduren” planoak eta argazkiak daude eskura Artxibo Irekian, hau da, lehen, bigarren edo hirugarren mailako hotelak, pentsioak edo ostatuak eta apopilo-etxeak, horrela sailkatzen baitziren, ematen zituzten zerbitzuen kalitatearen arabera.