es | eu

Nafarroako Artxibo Garaikideak Nafarroako 215 etxebizitza-plano argitaratu ditu, 1949 eta 1950ekoak

2020/06/25
Nafarroako Artxibo Garaikideak Nafarroako 215 etxebizitza-plano argitaratu ditu, 1949 eta 1950ekoak
Barasoaingo San Isidro upeltegi kooperatiboaren proiektua.

Planoen artean, Iruñeko Jesuiten Ikastetxea dago eta Agoizko Ekintza Katolikoaren zentro zaharra ere bai.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Nafarroako plano sorta bat jarri du herritar guztien eskura. Planoak, gehienbat, etxebizitza partikular, tailer, merkataritza-lokal, eskola, ile-apaindegi, bulego, lantegi eta etxaldeen altxaerak dira, guztiak ere Nafarroako herri aunitzetan 1949an eta 1950ean eginak. Urte haietakoa da, adibidez, Iruñeko Jesuiten ikastetxearen eraikuntza, bai eta Agoizko Ekintza Katolikoaren zentro zaharra ere.

Orain argitaratutako 215 planoak Etxebizitza Zerbitzutik heldu dira, zerbitzu hori Etxebizitzarako Ordezkaritza Probintzial zaharraren oinordekoa baita. Artxibo Garaikideak, haien bidez, Nafarroako hirigintza garapenaren lagin adierazgarria eskaini nahi du, XX. mendeko 30eko hamarkadan hasitakoa, Marcelo Guibert Eceiza, Gerardo Plaza Aurquía, Manuel Ruiz de la Torre, Eduardo Lagunilla de Plandolit, Ricardo Ros Martínez, eta beste arkitekto batzuen bidez. Emaitza, iturri sorta arras interesgarria izan da, Nafarroako paisaia eraikiarekin lotuta dagoen ikerlan edo azterlan guztietarako.

Arkitekturak paperean

Nafarroako Artxibo Garaikidearen Arkitekturak paperean proiektuak XX. mendeko nafar arkitektura ezagutzera eman nahi du, funtsetan gordeak dauden dokumentuen bidez. Proiektua 2019ko abuztuan abiatu zen Eugenio Arraiza, Serapio Esparza eta Luis Felipe de Gazteluren arkitektura-lanen bidez, eta ondoko urteetako arkitektoen planoak zabalduz eman zaio segida. Artxiboan, eraikuntza-proiektuei buruzko dokumentu kopuru garrantzitsua dago gordea; horrenbestez, guztiz garrantzitsua da Nafarroako paisaia eraikia aztertu eta ikertzeko.

Dokumentazioa Artxibo Irekiaren bilatzailean dago eskura, Arkitektura atalean.

Zerrendara itzuli