es | eu

Nafarroako Artxibo Garaikideak lan bat plazaratu du emakumeen XX. mendeko elkarte mugimenduari buruz

2020/02/28
Nafarroako Artxibo Garaikideak lan bat plazaratu du emakumeen XX. mendeko elkarte mugimenduari buruz
Argitalpen berriaren azala

Emakumeak eta dokumentuak saileko 11. lana da.

Nafarroako Artxibo Garaikideak Socias y asociadas argitaratu du Emakumeak eta dokumentuak sailaren baitan. Iazko martxoan abiarazia, sailaren 11. lana izan da. Nafarroako Artxibo Garaikidean gorderik dauden dokumentu-funtsak baliatuz, emakumeen XX. mendeko elkarte mugimendua nabarmendu da ale berrian.

Emakumeen elkarte mugimendua Nafarroan

Emakumezkoen elkarte sarea aztertzea bide ona da emakumeek arlo publikoan zein pribatuan izandako partaidetzaren norainokoa eta nolakoa jakiteko eta egoeraren bilakaera ikusteko. Izan ere, 1887ko Elkarte Legearen harira abiarazitako espedienteei esker, badakigu zenbat igo zen nafar emakumeen partaidetza, garaiz garai, gizarte, politika, ekonomia eta kultur arloetan eta, era berean, nola bilakatu zen partaidetza hura denboraren joanean emakumea aritutako esparru zehatzetan.

Horren haritik, XIX. mendearen bukaeratik aurrera agertutako emakume elkarte gutxi haiek, funtsean, laguntza xedeetara bideratu ziren. Gero, XX. mendea ederki sartua zegoenean, bestelako elkarteak sortu ziren, dela lan arloan dela hezkuntzan, bereziki emakumeari lotutako sektoreen interesen alde. Horrela, 1930eko hamarkadan, emakumeek osaturiko elkarteak ugaritu ziren, II. Errepublikak gizartera eta ekonomiara ekarritako aldaketek eraginda; gehienbat, mugimendu politikoekin, talde sindikalekin eta gizarte-laguntzarekin lotutako elkarteak izan ziren. Gerra Zibila bukatutakoan, elkarte eskubidearen araudiarekin bat, emakume elkarte guztiak Emakumezkoen Atalaren Ordezkaritza Nazionalaren edota Familiaren Ordezkaritza Nazionalaren kontrolpean jarri ziren. Gero, 1975etik aitzina, emakumeen elkarte sarea bizkortu zen, era askotako elkarteak sortu baitziren.

Emakumeen arloari lotutako erakunde beteranoetako bi

Nafarroako Artxibo Garaikideko funtsetan gorderik dago emakumeen arloari lotutako nafar erakunde beteranoetako biren dokumentazioa: Santa María la Real Etxekoandre, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarte Probintziala, eta Herri Kulturarako Alaiz Kolektiboa. Elkarteetako gobernu-organoek sortutako dokumentazioa dago bildua, hala nola akta-liburuak, gutuneria, jarduera-txostenak, ekintzen kartelak eta foiletoak, etab.

Dokumentazioari esker, ederki ikusten da nola aldatu diren denboraren joanean bi erakundeok sustaturiko jarduerak, gizarte eta kultur arloko aldaketek nafar emakumearen eginkizun soziala aldatu ahala; beraz, nola aldatzen joan ziren emakumeek prestakuntza arloan zituzten beharrak eta interesak.

Emakumeak eta Dokumentuak

Emakumeak eta Dokumentuak izeneko proiektuak Nafarroako Artxibo Garaikidean gorderik dauden dokumentu-funtsak eman nahi ditu ezagutzera, eta horrekin batera, emakumeari lotutako hainbat gai eta alderdiri buruzko ikerbideak ireki, eta emakumeen eskubideak finkatzen lagundu zuten nafar emakume guztiak omendu.

Zerrendara itzuli