es | eu

Nafarroako Artxibo Garaikideak Juan Moscoso del Pradoren pegatina bilduma jaso du

2020/01/27
Nafarroako Artxibo Garaikideak  Juan Moscoso del Pradoren pegatina bilduma jaso du
Bildumaren eranskailuak

Bilduman badira ehun pegatina baino gehiago, guztiak ere egokiak 1975etik 1980ra bitarteko nafar gizartea hobeki ezagutzeko.

Nafarroako Artxibo Nagusiak Juan Moscoso del Prado nafar politikari eta ekonomialariaren pegatina bilduma jaso berri du dohaintzan. Bilduman, Trantsizio urteetako alderdi politiko, sindikatu, kultur elkarte eta herritar mugimenduetako ehun pegatina baino gehiago daude. Bildumaren bidez, hobeki jakin eta ulertuko dugu zer-nolako aldaketak gertatu ziren nafar gizartean, 1975etik 1980ra.

Dohaintza Nafarroako Artxibo Nagusiak 2018aren erdialdean hasitako ekimenaren baitan dago, jarduera instituzionalari lotuta ez dagoen dokumentazioa bildu, gorde eta zabaltzeko; betiere, sare sozial, kultural, politiko edota erlijiosoaren zati batek sortutakoa. Dokumentazio hori politikagintza, sindikalgintza eta kulturgintzako mugimenduei lotuta dago, bai eta elkarte, auzokide, feminista nahiz antimilitarista arloko mugimenduei ere, baina mugimendu erlijiosoa edota gobernuz kanpoko erakundeak ere bazter utzi gabe.

Emailea

Moscoso del Prado, Iruñean jaioa (1966), finantza arloko aholkularia izan da hainbat enpresatan eta irakasle dabil Carlos III Unibertsitatean. Politikagintzan, berriz, Nafarroako Alderdi Sozialistako Nafarroako Batzorde Exekutiboko kidea izan da, nafar diputatua Kongresuan, Iruñeko Udalerako alkategaia eta udal bereko zinegotzia, eta PSOEko Batzorde Exekutibo Federaleko kidea 2004tik 2016ra.

Artxibo Garaikidea

Artxibo Garaikideak bere instalazioak, ezagutza teknikoa eta giza baliabideak nahiz baliabide teknologikoak eskaintzen ditu jabetza partikularreko dokumentazio hori gorde eta zabaltzeko. Oso dokumentazio hauskorra baita, bai kontserbazio-baldintzen ondorioz, bai materialen ondorioz, baina agiri arras interesgarriak, XX. mendearen azken laurdeneko nafar gizartea aztertzeko. Bilduma Artxibo Irekia atalean dago ikusgai. Sartu JUAN MOSCOSO BILDUMAn eta ikusiko duzu.

Zerrendara itzuli