es | eu

Nafarroako Artxibo Garaikideak eta Iruņeko eta Tuterako udaltzainek materiala eskatzen dute konfinamendua dokumentatzeko

2020/04/21
Nafarroako Artxibo Garaikideak eta Iruņeko eta Tuterako udaltzainek materiala eskatzen dute konfinamendua dokumentatzeko

Nafarroako Artxibo GaraikideakIruņeko Udal Artxiboak eta Tuterako Udal Artxiboak funts dokumentalak osatu nahi dituzte alerta-egoeraren eta biztanleak beren etxeetan konfinatuta egotearen egungo salbuespenezko unea jasotzeko. 

Horretarako, herritarrei laguntza eskatu die, argazkiak eta ikus-entzunezko materiala bidal dezaten, Foru Komunitatean une honetan bizi den egoeraren lekukotza historikoa izan daitezkeenak. Kale eta plaza hutsak, ilarak denda eta supermerkatuetan, arratsaldeko 20:00etako txaloak; azken finean, eguneroko esperientzia dokumentu historiko bilakatuta, etorkizuneko belaunaldiei transmititzearren. 

Iruņeko bizilagunek archivomunicipal@pamplona.es posta elektronikora bidal ditzakete argazkiak; bideoak eta audioak, berriz, WhatsApp bidez 606 540 019 zenbakira. Tuterako herritarrei dagokienez, material grafikoa nahiz ikus-entzunezkoa archivo@tudela.es helbidera bidal dezakete. Nafarroako gainerako lekuetako herritarrek posta elektroniko honetara egin dezakete bidalketa: administracion.donaciones@navarra.es.  

Nolanahi ere, argazkiak jpg formatuan bidaliko dira gutxienez 300 ppp-ko bereizmenarekin; bideoak, berriz, gehienez 60 segundokoak izango dira. Argazki edo bideo bakoitzarekin batera data osoa eta deskribapen labur bat bidaliko dira: egilearen izena eta posta elektronikoa, materialarentzako izenburua eta garrantzitsua izan daitekeen bestelako informazioa; hala nola, kalea edo lekua, agertzen diren pertsonak edo bestelako edozein datu esanguratsu. Ekimen honetan parte hartzearekin, irudien erabilera dagokien Artxiboen esku utziko da, haien argitalpen eta sare sozialetarako. 

Ekimena bat dator Nafarroako Artxibo Garaikidearen 'Nafarroako Funts Garaikideak eta Oraingo Funtsak' izeneko proiektuarekin; proiektuaren helburua da ehun sozialak, kulturalak, politikoak eta erlijiosoak (jarduera instituzionalarekin lotzen ez denak) azken hamarkadetan sortutako dokumentazioa jasotzea, kontserbatzea eta zabaltzea, Nafarroako memoria kolektiboa zaintzen laguntzeko. 

Igarotako epidemien memoria 

Artxiboek, beste funtzio batzuen artean, denboraldi historiko bat kontatzen duten testigantzak eta materialak biltzen, zaintzen, antolatzen eta, ondoren, zabaltzen dituzte. Koronabirusaren epidemia ez da Nafarroan dokumentatutako lehena izango, baina bai herritarren ikuspegitik ondoen erregistratuta dagoena. 

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian iraganean gure lurraldea suntsitu zuten epidemia handiei buruzko albisteak aurki daitezke. Horietako lehena Izurri Beltza bezala ezagutzen dena da, 1348koa; bertan, gaitzak eta goseak hiru urteko denboraldian Nafarroako Erresumako biztanleen erdia baino gehiago akabatu zuen. 

Erdi Aroko epidemiei buruzko erreferentzia asko ez daukagu, laburrak dira, eta sakabanatuta daude izaera ekonomikoko dokumentu askotan, Comptos-eko funtsean jasota. Aldiz, XVI. mendetik aurrera kontserbatzen den dokumentazioa ugariagoa da, eta aurpegi zehatzak jartzen dizkio dramari. Errege Auzitegietako funtsetan eta Notario funtsetan izurriekin lotutako auzi ugari jasotzen da, eta, oro har, gaixotasunaren aurkako borroka soziala islatzen dute, hurrengo mendean behin betiko desagerrarazi arte. 

XVIII. mendetik aurrera gertatutako epidemia-gaixotasunek (tifus, kolera, baztanga eta gripea) ere utzi dituzte arrastoak Foru Aldundiaren funtseko dokumentuetan eta XIX. mendearen amaieran sortutako eguneroko prentsan bertan. 

Azken epidemia handiak, Espainiako gripea bezala ezagutzen denak, Nafarroa astindu zuen duela mende bat. Garai hartako dokumentazio ofizialak eta kazetaritza-kronikek erakusten dute, gaur egun bezala, gaixorik zeuden pertsonak isolatzeko eta etxebizitzetan sartzeko neurriak hartu zituztela, osasun-zentroak indartu zirela eta arnas pazienteentzako zirkuitu espezifikoak ezarri zirela; halaber, ikasturtea atzeratu zen, hiletak mugatu ziren, eta gelak aireztatzea eta eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea gomendatu zuten. 

Zerrendara itzuli