es | eu

Nafarroako Artxibo Garaikideak "Activistas" argitaratu du, "De Mujeres y Documentos" saileko azken lana

2020/03/06
Nafarroako Artxibo Garaikideak
Argitalpen berriaren azala

Nafarroako mugimendu feministari buruzko argitalpen bat da, XX. mendearen bigarren erditik aurrera.

Nafarroako Artxibo Garaikideak De Mujeres y Documentos saileko 12. lana plazaratu du, Activistas izenburupean. Argitalpen horren bidez, De Mujeres y Documentos proiektua osatu da, iazko martxoan abiarazia. Sailak, guztira, hamabi argitalpen ditu, guztiak ere emakumeari buruzko hainbat alderdi eta gairi lotutakoak. Proiektuak Nafarroako Artxibo Nagusian gordeak dauden dokumentu-funtsak eman nahi ditu ezagutzera, eta emakumeari lotutako alderdi eta gaien gaineko ikerlan ildoak ireki. Era berean, emakumezkoen eskubideak finkatzen lagundu zuten nafar emakume guztiak omendu nahi ditu.

Sailean lan hauek plazaratu dira: Emprendedoras (María Teresa Sola Landa), Obreras y trabajadoras (María Teresa Sola Landa), Benefactoras (Javier Ilundain Chamarro), La mujer en el ámbito administrativo. La velada transición de mecanógrafas a técnicas (Carlos Maiza Ozcoidi), Mujeres en la Agricultura (José Miguel Lana Berasain), Con nombre de mujer (Javier Ilundain Chamarro), Oculto pero existente: testimonios del ocio (Francisco Javier Caspistegui, Cuidadoras y sanitarias (Pilar Erdozáin Azpilicueta), Maestras y alumnas (Reyes Berruezo, Juan José Casanova, Javier Ema), Vidas censuradas. El control de la moral pública y privada de las mujeres (Gemma Piérola Narvarte), Socias y asociadas (Diego Val Arnedo) eta Activistas (Begoña Zabala González). Lan guztiak Nafarroako Artxibo Garaikidean dokumentatuak daude, eta XIX. eta XX. mendeko emakumearekin lotutako hainbat gairi buruzkoak dira.

Activistas

Begoña Zabala abokatu eta ekintzaile feministak ondua, argitalpen berriak Nafarroako mugimendu feminista du aztergai, XX. mendearen bigarren erditik aitzina. 1976an, lehen erakunde feminista autonomoa sortu zen Nafarroan, asanblearioa, politizazio maila oso altuko emakumeek osatua, hots, EAM edo “Emakume Askapenarako Mugimendua”. Konstituzioari ezezkoa ematea proposatu zuen, aldarrikapen feministarik batere jaso ez zuelako, eta emakumeek Sanferminetan parte-hartzea handiagoa izatea eskatu, etxeko lanak gizonen eta emakumeen artean hobeki banatuta. Era berean, emakumeek aunitzetan pairatzen zituzten eraso fisikoak nahiz ahozkoak salatu zituen.

Nafarroako Koordinakunde Feminista 1978an sortu zen. Estatuko erakunde feministen koordinakundean sarturik zegoen. Arras egitura malgua eta militantea zeukan, eta Batzarrari eginkizun garrantzitsua eman zion, bai jarduerak antolatzeko, bai helburuak, ekintzak eta aldarrikapenak zehazteko.

Emakumeek, gainera, laguntza zerbitzuak eskatu zituzten erasoen eta bazterkeriaren aurka, hala familia barnean nola lanean, ikastegietan edo karrikan. Erakunde ofizialek horrelakorik egin ez zuten bitartean, mugimenduak hainbat talde antolatu zituen hori guztia praktikan jartzeko. Andraize, adibidez, emakumeei osasun sexualean eta erreproduktiboan laguntzeko lehen proiektu feminista handia izan zen. Halaber, hitzarmena lortu zen Iruñeko Udalarekin, emakume erasotuak artatzeko zentro bat ezartzeko eta larrialdiko zentro bat irekitzeko, indarkeriazko egoera larriak pairatzen zituzten emakumeei aterpe emateko.

90eko hamarkadak egoera berria ekarri zuen, jarduketa-esparrua mundu guztiari zabalduta. Eskubiderik gabeko jendea, lan prekarioetan aritzen ziren emakumeak, prostituzioa, ezkontza hitzartuak… Orduan, ekintzaileen erakunde autonomo bat agertu zen, baina Koordinakunde feministan txertatua: Emakume internazionalistak. Bestelako munduak ezagutzea izan zuen helburu, bai eta emakumeen ibilbideak ezagutzea ere. Aldi berean, elkartasun feminista iritsi zen, sororitatea, askapen feminista eta nazionalerako borroken aldeko sostengu erabatekoa.

Beste behin ere, feministak batu egin ziren estrategia bateratu bat diseinatzeko eta emakumeek munduko edozein tokitan pairatutako desberdintasuna eta bazterkeria salatzeko; jaiolekuak eta estrategia feministen uniformizazioak baldintzatu gabe.

Mugimendu feministari buruzko azterlana tresna ona da ikusteko zertan den emakumeen partaidetza esparru publikoan eta pribatuan, nola bilakatu den eta zertan diren haien aldarrikapenak.

Zerrendara itzuli