es | eu

Memoriadun Paisaiak III. Argazki Lehiaketako sariak eman dira

2020/09/25
Memoriadun Paisaiak III. Argazki Lehiaketako sariak eman dira
Iñaki Apeztegia III. Argazki Lehiaketaren sari banaketan

Sariak Kulturako zuzendari nagusiak banatu ditu gaur, Nafarroako Liburutegiaren egoitzan.

Iñaki Apezteguía Kulturako zuzendari nagusiak III. “Memoriadun Paisaiak” Argazki Lehiaketako sariak banatu ditu gaur, Nafarroako liburutegian. Kulturarako Zuzendaritza Nagusiak deitua, argazki lehiaketa aurten Nafarroako eskola paisaiei eskaini zaie. Irudiaren bidez, herritarrak eskola-eraikin zaharren ondare-balioaz sentsibilizatzea izan du helburu. Eraikin horietako batzuk, gaur egun, beste gauza batzuetarako erabiltzen dira. Era berean, Nafarroako instalazio berrien eta ikastetxeen balioa irudien bidez nabarmendu nahi izan du. 

Aurten, lehen saria, 700€-z hornitua, Daniel Espinali eman zaio, Los pasos perdidos argazkiagatik. Bigarren saria, berriz, 400€-z hornitua, Pedro Pileño Malvar-entzat izan da, El Ángel argazkiagatik. Eta hirugarren saria, 200€-z hornitua, Javier Barrena Contrerasentzat izan da, Incuria irudiagatik.

Argazkigintzako bi profesional eta Artxiboen eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kide izan dira epaimahaikide. Lehiaketaren helburuak bete ote diren begiratzeaz gain, argazki teknikari eta konposizioaren originaltasunari erreparatu diete.  

Epea joan den irailaren 6an bukatu zen eta, guztira, 37 lan aurkeztu dira, guztiak ere XX. mendearen hasieratik hona, Nafarroako paisaia aldatzen lagundu edo laguntzen duten eskola-eraikinekin, ikastetxeekin edo hezkuntza-instalazioekin lotuak.

Lanen erakusketa

Era berean, epaimahaiak aukeratutako 12 lan onenen erakusketa inauguratu da, 4. sari bat aukeratzeko, 200 €-koa, publikoak boto bidez hautatuko duena. Xede horretarako, erakusketaren egoitzan, hautestontzi txiki bat paratu da, botoa urriaren 10era bitarte emateko. Epaimahaiak berak botoak zenbatu eta lan irabazlearen plika irekiko du. Urriaren 16an argitaratuko dute culturanavarra.es atarian nor izan den sariduna.

“Memoriadun Paisaiak” argazki lehiaketa Europako Ondare Jardunaldien baitan dago, irailaren 25ean, 26an eta 27an nahiz urriaren 2an, 3an eta 4an egitekoak baitira, “Hezkuntza eta Ondarea” goiburu harturik. 

Zerrendara itzuli