es | eu

Emakumeak osasun munduan egindako lana aztertu eta ikustarazteko dokumentazio-funtsak daude gordeak Administrazioaren Artxiboan

2019/10/24
Emakumeak osasun munduan egindako lana aztertu eta ikustarazteko dokumentazio-funtsak daude gordeak Administrazioaren Artxiboan
Titulu berriaren azala

Funts horien bidez, Administrazioaren Artxiboak Cuidadoras y Sanitarias argitaratu du, hau da, De mujeres y Documentos saileko ale berria.

Nafarroako Administrazioaren Artxiboan ongintza eta ospitale arloko erakundeetako hainbat funts daude gordeak, hala nola Inclusakoak, Amatasun Ospitalekoak edota Osasun Institutukoak. Funts egokiak dira zainketa-lan formalak eta arautu gabeak ezagutzeko, hiri eta landa eremuetako milaka emakume anonimoren lanari ikusgaitasuna emateko, eta erizaintzaren nahiz medikuntzaren espezializazio prozesua ezagutzeko. Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen espedienteak lagungarriak izan daitezke emakumeek azken urteotan izan duten lekua azaltzeko: dela erizain, dela mediku, dela gizarte langile gisa.

Gaiari buruz gorde diren funtsei esker, De mujeres y documentos saileko lan berri bat plazaratu da, zortzigarrena. Joan den martxoan abiarazia, Artxiboak, sailaren bidez, bere dokumentazio-funtsak ezagutzera eman nahi ditu eta, horrekin batera, emakumeari lotutako alderdi eta gaiei buruzko ikerketa ildoak ireki, bai eta emakumeen eskubideak finkatzearen aldeko lanean aritutako emakume nafar guztiak omendu ere.

Emakumeen lekua osasun arloan

Emakumeek leku handiagoa edo txikiagoa izan dute osasun arloan. Etxe eremuan, adibidez, zaintzaile informal guztiak (amak, amonak, inudeak eta neskameak) emakumezkoak izan dira. Osasun arloko lanbideetan, aldiz, emakumeak arras gutxi ziren. Orain, ordea, arlo feminizatua da (emakume sendagileak, emaginak, erizainak). XVIII. mendetik aitzina, gizonezkoak baizik ez ziren kide izan ospitaleetako batzordeetan, eta ospitaleetako sendagile eta botikari guztiak ere gizonezkoak ziren. Emakumeen eskuetan, berriz, bestelako eginkizunak uzten ziren, hala nola emakumezko gaixoak eta haurrak zaintzea, bai eta erditzeetan laguntzea ere. Arta hori, zehazki, Karitateko lekaimeen eskuetan utzi zen, bai eta prestakuntza arauturik gabeko emakumeen eskuetan ere. XX. mendea ederki sartu arte, emakumea ez zen medikuntzan aritu, eta era berean, ez ziren erizaintzako lanbide-ikasketak antolatu.

Zerrendara itzuli