Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea erakundeak Memoria duten paisaiak IV. argazki lehiaketaren sariak eman ditu, aurten nekazaritza-paisaiei eskainia. Daniel Andion Espinalen Tu tiempo es hoy, Gloria Vazquez Ferronen El buen augurio eta Marian Rodriguez Roncalen Retorno al dulce hogar argazkiek lehen, bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren. Datorren ostegunean, irailaren 23an, 12:00etan, Nafarroako Liburutegian, Kultura-Vianako Printzea Erakundearen zuzendari nagusiak, Ignacio Apezteguíak, banatuko ditu sariak.
Ondoren, aukeratutako argazkiekin erakusketa bat zabalduko da, eta horien artean laugarren sari bat aukeratuko da bozketa bidez. Horretarako, hautestontzi bat jarriko da, urriaren 9ra arte botoa emateko. Epaimahaiak berak botoak zenbatu eta lan irabazlearen plika irekiko du, urriaren 15ean, Cultura Navarra-ren atarian (http://www.culturanavarra.es).
Guztira 33 argazki aurkeztu dira. Epaimahaia argazkigintzako 2 profesionalek eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek osatu dute. Lehen sariak 700 euroko balioa du, bigarrenak 400 eurokoa eta hirugarrenak 200 eurokoa.
Nekazaritzako paisaiak
Vianako Printzea erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako argazki-lehiaketa, Nafarroako Artxibo Garaikidearen bidez, nekazaritzako paisaiei buruzkoa izan da aurten, nekazaritzaren edo nekazaritzako elikagaien jarduerarekin lotutako eraikin, instalazio edo establezimenduen (siloak, trujalak, dolareak, upeltegiak, kooperatibak, etab.) ondare-balioa herritarrei ezagutarazteko.
Memoria duten paisaiak argazki lehiaketa irailaren 24, 25 eta 26an eta urriaren 1, 2 eta 3an ospatzen diren Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barruan kokatzen da, Guztion ondarea, denok parte! lelopean.