es | eu

Artxibo Garaikideak Iruñeko Udal Ikastolaren jatorriari buruzko dokumentazioa jaso du

2021/03/31
Artxibo Garaikideak Iruñeko Udal Ikastolaren jatorriari buruzko dokumentazioa jaso du

Nafarroako Artxibo Garaikideak Iruñeko Udal Ikastolaren sorreran parte hartu zuten pertsona batzuek emandako dokumentazioa jaso berri du. 

Dohaintzan emandako dokumentazioan, gehienbat, honako agiriak daude: irakasleek berek egindako programazioak eta unitate didaktikoak, ikasleen koadernoak, prentsa-ebakinak, argazkiak, bideoak eta beste. Guztiak ere arras baliosak ekimenaren hasieraren, gorabeheren, arazoen eta bilakaeraren berri izateko. Proiektu hura, gainera, berritzailea izan zen hasieran, ikuspuntu pedagogikotik. 

Dohaintzaren osagarri, ikus-entzunezko bat egin da, bai eta ahots grabazioak ere, protagonista haien testigantzak biltzeko.

Aldi berean, Hegoalde, Amaiur eta Bernat Etxepare ikastetxeetako dokumentazioa eraman da Artxibo Garaikidera eta, dagoenekoz, antolatua eta deskribatua dago, jendeak kontsultatu dezan. 

Iruñeko Udal Ikastola/Ikastola Municipal de Pamplona funtsaren dohaintza Aitor Etxartek sustatu zuen (duela gutxi zendua), eta Nafarroako Artxibo Garaikideak 2018. urte erditsuan abiarazitako proiektuaren baitan dago, jarduera instituzionalari lotuta ez dagoen dokumentazioa bildu, gorde eta zabaltzeko; betiere, sare sozial, kultural, politiko edota erlijiosoaren zati batek sortutakoa. Dokumentazio hori politikagintza, sindikalgintza eta kulturgintzako mugimenduei lotuta dago, bai eta elkarte, auzokide, feminista nahiz antimilitarista arloko mugimenduei ere, baina mugimendu erlijiosoa edota gobernuz kanpoko erakundeak ere bazter utzi gabe, adibide batzuk ematearren. 

Artxibo Garaikideak bere instalazioak, ezagutza teknikoa eta giza baliabideak nahiz baliabide teknologikoak eskaintzen ditu jabetza partikularreko dokumentazio hori gorde eta zabaltzeko, oso hauskorra baita hala materialengatik, nola zaintza-baldintzengatik, baina interes handikoa, XX. mendearen bigarren erdialdeko nafar gizartea aztertzeko.

Euskarazko irakaskuntza eman zuen lehen ikastetxe publikoa 

Iruñeko Udal Ikastola euskarazko irakaskuntza eman zuen lehen ikastetxe publikoa izan zen 1977/1978 ikasturtean, euskararen egoeraz kezkaturiko guraso talde batek bultzaturik, seme-alabi euskaraz ikasteko aukera emate aldera. Lehen urte haietan, eskolak hainbat tokitan eman ziren; besteak beste, Ama Kanosianen lokaletan, Santa Zezilia plazan, Orvinako Ikastetxe Nazionalean, Seminarioan, Txantreako Auzotegi Elkartearen egoitzan, eta azkenean, Iranzu Zentroan.  

1979an, Iruñeko Udalak Euskara Sustatzeko Udal Patronatua sortu zuen, erakunde publikoek finantzaturiko euskarazko ikastetxeak sortu, sustatu, bultzatu eta kudeatzeko; hala ere, baldintza oneko behar adina ikasgelarik ez zegoen. Azkenean,  1981/1982 ikasturtean, Iruñeko Udalak ikastolaren kudeaketa bere gain hartzeko erabakia hartu zuen, Euskara Sustatzeko Patronatua alde batera utzita. Eskolak Fuerte Príncipe Ikastetxean ematen hasi ziren, bai eta Antsoaingo Ikastetxe Nazionalean ere eta, behin-behinekoz, Erruki Etxeko ikasgela batzuk ere erabili zituzten, ikasle kopurua 1.100 inguru baitzen. Gero, 1981ean, Hegoalde ikastolan kokatu ziren; ondoren, Txantreako San Benito zentroan –egungo Bernat Etxepare Ikastolan– eta, azkenik, Iturramako Amaiur zentroan, Udalak eraikia. 2003/2004 ikasturtean, hiru ikastetxeak Nafarroako Gobernuaren mendera pasatu ziren. 

Zerrendara itzuli