es | eu

Administrazioaren Artxiboak Nafarroako XX. mendeko arkitekturaren 100 plano baino gehiago argitaratu ditu

2019/11/15
Administrazioaren Artxiboak Nafarroako XX. mendeko arkitekturaren 100 plano baino gehiago argitaratu ditu
Argitaratutako planoetako bat.

Plano gehienak Nafarroako etxebizitzetakoak dira; 1937. eta 1938. urteetakoak, hain zuzen.

Administrazioaren Artxiboak Nafarroako 102 etxebizitza-plano jarri ditu herritarren eskura, Artxibo Irekiaren bidez, guztiak ere 1937. eta 1938. urteetakoak. Planoak, gehienbat, etxebizitza partikular, eraikin ofizial eta merkataritza-eraikinen altxaerak dira, guztiak ere Nafarroari lotutako arkitektoek eginak, hala nola Mariano Arteaga Villamorrek, Francisco Garraus Miqueok eta Víctor Eusa Razquinek, besteak beste. Beraz, abuztuan argitaratutako materiala osatu egin da, udan Arraiza, Esparza eta Gazteluren lan arkitektonikoa plazaratu baitzen. Hirurak ere arestian aipatutako hiruen garaikideak izan ziren.

Behin 102 plano horiek argitaratuta, lagin adierazgarria eskaini da Nafarroan pasa den XX. mendeko 30eko hamarkadatik aurrera hasitako hirigintza-garapenaz. Planoak Etxebizitza Zerbitzukoak dira, eta lehenago, antzinako Ordezkaritza Probintzialekoak. Horrenbestez, iturri multzo arras interesgarria da, Nafarroako paisaia eraikiarekin lotura duen azterlan edo ikerlan guztietarako.

Pixkanaka, ondoko egile eta urteetako planoak argitaratzen joanen dira.

Arkitekturak paperean

Arkitekturak paperean proiektua Administrazioaren Artxiboak abiarazi zuen, joan den abuztuan. Helburu nagusia da XX. mendeko nafar arkitektura ezagutzera ematea, administrazioan gordeta dauden obra-proiektuen bidez. Artxiboan, eraikuntza-proiektuei buruzko dokumentu kopuru garrantzitsua dago gordea; horrenbestez, guztiz garrantzitsua da paisaia eraikia aztertu eta ikertzeko. Dokumentazio hori eskuratzeko, Artxibo Irekiaren bilatzailean sartu beharra dago; ARKITEKTURA arloan, hain zuzen ere.

Zerrendara itzuli