es | eu

Administrazioaren Artxiboak "Maestras y alumnas" lan berria argitaratu du, De mujeres y documentos sailaren barnean

2019/11/22
Administrazioaren Artxiboak
Argitalpenaren azala

Argitalpen berrian agerian gelditu da zer-nolako garrantzia izan duen eskolatzeak emakumearen sustapenean, azken bi mendean.

Maestras y alumnas izenburupean plazaratu da De mujeres y documentos saileko bederatzigarren lana. Saila Administrazioaren Artxiboak abiarazi zuen, joan den martxoan. Egileak Reyes Berruezo, Juan José Casanova eta Javier Ema izan dira, eta azken bi mendeetan, emakumeak hezkuntzan egindako ibilbidea aztertu dute. Argitalpenak agerian utzi du zeinen dokumentu-funts garrantzitsua dagoen Administrazioaren Artxiboan emakumeari arlo horretan dagozkionak aztertzeko.

Emakume profesional kualifikatu gutxi

Eskolatzea emakumea sustatzeko eta berdintasuna lortzeko tresna nagusia izan da, azken bi mendeetan. Gaur egun, irakaskuntza lanbiderik feminizatuenetako bat da, baina ez da beti horrela izan. 1780ko Nafarroako Gorteetan, aitortu egin zen neskatoen hezkuntzak eta irakaskuntzak mutikoen prestakuntzak adinako garrantzia zutela, eta 150 biztanletik gorako herri guztiek maistra bat izan behar zutela erabaki zen. Ez zegoen, ordea, behar adina maistrarik eta, horren ondorioz, neurri hura ezin izan zen ezarri herri aunitzetan; gainera, legearen testuak berak agerian uzten du garrantzi txikiagoa ematen zitzaiola neskatoak eskolatzeari. Neurri hura pixkanaka ezarri zen eta, XIX. mendearen erdialdera arte, oso fruitu gutxi eman zituen.

XX. mendearen hasieratik, ordea, emakumeek gero eta leku handiagoa hartu zuten irakaskuntzan, bai kopuruan bai ekarpenetan, hala Batxilergoko irakaskuntzetan ikasle gisa, nola Arteak eta Ofizioak eskolan, bai eta neskame eta neska langileendako igande-eskoletan nahiz helduendako eskoletan. Emakumezkoen eskolatzea ez zen bururaino eraman XX. mendeko 70eko hamarkada arte, urte haietan eskolatu baitziren desgaitasun fisikoak, psikikoak edo sentsorialak zituzten neskatoak.

Administrazioaren Artxiboko funtsetan, emakume horien guztien izendapen, kargugabetze, lekualdatze eta espediente pertsonalak daude gordeta. Guztiek ere, ahaleginean eta zailtasun guztien gainetik, ekarpen handia egin zuten herriz herri emakumearen alde.

De Mujeres y Documentos saila

Administrazioaren Artxiboak joan den martxoan abiarazia, sailak artxiboan dauden dokumentu-funtsak eman nahi ditu ezagutzera, eta emakumeari lotutako alderdi eta gaien gaineko ikerlan ildoak ireki, Era berean, emakumezkoen eskubideak finkatzen lagundu zuten nafar emakume guztiak omendu nahi ditu.

Zerrendara itzuli